«Kalera eta borrokara!» ateratzeko deia egin du Hernaniko LAB sindikatuak biharko, Langileen Nazioarteko egunerako, «lan, bizi eta herri duina helburu ditugulako». Eguerdiko 12:00etan abiatuko da manifestazioa, Plazatik.
«Bestelako jendarte eredu baten alde»
LAB sindikatuaren ustez, «langileekin egon ala patronalarekin lerratu, horixe da egin beharreko hautua». Eta horren aurrean, LABek argi daukala dio: «herri gisa dagozkigun eskubideen alde, langile gisa bestelako jendarte eredu baten alde, bidelagun izango gaituzue».
Egungo ereduari, kritika
Ildo beretik, egungo ereduari kritika egiten dio: «lan eta bizi duina bermatzea herritar orori. Horixe izan beharko luke herri baten eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusia, baina, IBEX 35ak eliteen mesedeetan agintzen du beti eta kapitalak prekarietatea zabaltzen jarraitzen du gure lanean eta bizitzetan».
Izan ere, beren ustetan, «bi estatu antidemokratiko ditugu aurrean, Espainia eta Frantzia inboluzio sozial eta politikoa sustatzen ari dira euskal herritarron kaltetan». Aipatu dituzte: lan eta bizi baldintzen prekarizazioa, zerbitzu publikoen murrizketa edota pentsio sistemaren suntsiketa.
«Indarrak biltzeko» garaia dela argi daukate, «1200€ko gutxieneko soldata, 35 ordutako lan astea, 1080€ gutxieneko pentsioa, lan istripuak ekiditeko neurriak, prekarizazioaren bazterketa...» lortzeko: «Batu gaitezen elkarrekin».