«Bost gazte hauek jasaten ari diren kondena ez da inongo kasualitate bat»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 29a, 02:00

Hernaniko bost gazte zigortu ditu Espainiako Auzitegi Na­zio­nalak, 2016ko Gudarien Egu­nean institutuan egindako ekitaldian «terrorismoari gorazarre» egiteagatik. Apiri­la­­ren hasieran eman zen ezagutzera epaia, eta orain, bere balorazioa egin du Hernaniko Ernaik. Herenegun egin  zuten agerraldia, Atsegin­degin. 

Salaketa, «irmoki»
Ostiraleko prentsaurrekoan, «irmoki» salatu zuten «herriko bost gaztek jasotako epa­ia», eta beren «elkartasuna» helarazi zieten. «Coviteren salaketaren on­dorioz, Espa­i­ni­­a­ko Auzitegi Nazionalera joan behar izan dira, eta ustez, ‘terrorismoa goratzeagatik’ 6 hilabeteko lan behartuetara kondenatu di­tuz­­te, haien esanetan, ‘elkarbizitza baloreetan’ sakontzeko», azaldu zuten hasieran.

Eta horren aurrean, salatu zuten, «’terrorismo’ akusaziopean Espainiako Auzitegi Na­zio­nalak epaitzea eta zigor­tzea zentzugabea eta bidegabea dela». Are gehiago, «herritarrok bakearen eta askatasunaren bidean aurrerapausuak egiten ari garen honetan, batzuk aurreko eszenatokia eta eskubide urraketak betikotzeko ahaleginak egiten ari dira», Ernaien ustez. 

Gazteen epaia, «eraso bat»
Horregatik guztiagatik, Erna­ien ustetan, «bost gazte hauek jasaten ari diren kondena ez da inongo kasualitate bat, euskaldunoi egotzitako beste eraso bat da, ez baitute adierazpen askatasunez gure he­rri­aren defentsan erori zirenak gogoratzerik nahi». Hau da, «Estatuak, bere gobernua buru duela, jazarpen eta errepresioaren eztabaidan trabatuak nahi gaitu helburu politikoetan aurrera ez egiteko, eta eman ditugun urra­tsak ezkutatzeko». 

Ildo horretatik, Ernaik argi dauka: «gure herriaren historiaren memoria egiteagatik zigortzen gaituzte; beraien bertsioa inposatu nahi dute, herri honek jasan duen errepresio eta sufrimendua ezkutaraziz».

Baina, «aurrera egiteko ga­raia da, pertsona ororen eskubide oro errespetatu eta errespetaraztekoa», adierazi zuten zorrotz Ernaiko ordezkari eta bertaratutako herritarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!