Eztabaida piztu da azkeneko asteotan, Astigarragan, Santio jaien inguruan. Gazte Asanbladaren txosna, kokalekuz aldatzea erabaki du Astigarragako Udalak, Tomas Alba kaletik, Pelotari kalera. Aldaketa duela urte batzuk adostu zela dio Udalak; eta adostasunik ez dela izan, Gazte Asanbladak.
Kokaleku aldaketaren batera, beste proposamen bat ere egin du Udalak: gune hori irekitzea, herriko talde, elkarte eta norbanako guztiei, «jaiei beraien aportazioa egiteko aukera izan dezaten».
Kokaleku aldaketarekin ez dator bat Gazte Asanblada, eta bigarren proposamena bideratzeko, dagoeneko berandu dela uste du. Hori horrela, bilera irekiak deitu dituzte azkeneko asteotan, herritar eta talde guztientzat, horren aurrean erabakiak hartzeko. Eta gaur bertan daukate beste bat, arratsaldeko 18:30etan kultur etxean.
Gaiaren inguruan duten ikuspegia azaleratzeko, bi aldeekin bildu da Kronika; Urkiri Salaberria Udaleko kultura eta gazteria zinegotziarekin; eta Gazte Asanbladako ordezkaritza batekin.
Udala Urkiri Salaberria
«Zergatik tematu dira hainbeste txosnaren kokapenarekin?»
Urkiri Salaberria zinegotziak dio, gazteek ezin dutela «erosotasuna» hartu argudio gisa, aldaketa adostuta zegoela, eta gazteen eskaerak kontuan hartu direla.
«Aldaketa bakarra da kokapena, 200 metro mugitzea txosna, Tomas Alba kaletik Pelotari kalera; eta proposamena, espazio hori zabaltzea. Ez izatea txosna toki batean, eszenatokia Joseba Barandiaran plazan... Sakabanatu beharrean, kokapen nagusi bat izatea, non talde eta herritar guztiek aukera izango duten, beraien ekarpena egiteko jaiei. Baina ez da bateratzea, baizik eta irekitzea nahi duenarentzat; herritar batek kontzertu bat eskaini edo beste zerbait egin nahi badu, aukera izatea bertan. Hori dira herriko jaiak», dio Urkiri Salaberria zinegotziak.
Kokaleku berriarekin, «ahalik eta bizilagun gutxienei eragitea» bilatu dute: «aspaldi hitz eginda eta adostuta dago, legegintzaldi hasieratik, txosnaren lekualdaketa. Jesus Mari Santos alkateak eta Olaia Pastoriza zinegotziak adostu zuten, Gazte Asanbladarekin; ni ez nintzen egon, baina fiatzen naiz beraien hitzaz. Eta hori erabaki zen, bizikidetza bultzatzeko, urtero bizilagun berak ari direlako kalteak jasaten», dio Salaberriak. Azaldu du, iazko uztailaren 27ko jaien balorazio bileran, aipatu zela aldaketa egingo zela: «bai eskatu zidatela, Zipotzaren inguruan egotea, eta hori errespetatu dugu. Ezin dena da, enkistatu eta defenditzea, hori dela dagoena, horrela mantendu behar dela beti hala izan delako. Arraroa eta tristea iruditzen zait, gazte batek horrelakoak esatea. Urtero ari dira esaten, uzteko aurten bere horretan, eta hitz egingo dugula hurrengorako; niretzako errazagoa izango litzatekeela gauzak horrela uztea».
Zinegotziak ez du ulertzen, gazteen «kezka nagusia» izatea Tomas Alban edo Pelotari kalean jartzea txosna: «zergatik tematu dira hainbeste kokapenarekin? Hori bada beraien kezka nagusia, arazo larriak izango ditugu gizartean. Ez dezatela beldurrik izan aldaketaz. Ikusi behar dute oso garbi, ez gaudela beraien kontra, laguntzeko baizik. Baina gu helduak gara, eta beraiek gazteak; eta tinkotasuna mantendu behar dugu. Daukagun altxor haundiena dira haurrak eta gazteak, eta zaindu egin behar ditugu; baina horrek ez du esan nahi, nahi duten guztia emango diegula».
«Bideratu dezatela sortzen ari diren indar hori guztia, jaietara»
Salaberriak uste du, «ona» dela gazteak sortzen ari diren «mugimendu, iraultza, paperak mugitzea eta hori dena. Eta gure lana da, beraiei horrelako erronka positiboak planteatzea. Beti aipatu dute, lau katu direla; ba begira, orain askoz ere gehiago mugitu dira, gure kontra joateko. Bideratu dezatela indar hori, benetako mamira, jaietara alegia. Bailara osoan oihartzuna eta izen ona izango duten jai batzuk antolatzera, egitarau zabalarekin eta adin guztietako herritarrentzat».
Gazte Asanblada
«Herriko gazte mugimendu exkax honi, harri gehiago botatzea da»
Txosnaren leku aldaketa, Udalaren «kapritxo bat» dela uste du Gazte Asanbladak; eta dio, «fusioaren ideia ona» dela, baina aurten oso berandu dela.
Txosna tokiz aldatzearen kontra azaldu da Gazte Asanblada, uste duelako «Udalaren kapritxo bat» dela: «urte batzuk dira toki beran jartzen dugula, eta oso ondo moldatzen gara; neurria hartua diogu, badakigu non dagoen ura, non elektrizitatea; neurrira egina dagoela dirudi, taldeentzako bi sarrerarekin, materiala jaisteko eta aparkatzeko tokia... Udalak erabiltzen duen argudioa bizilagunak dira. Baina edozein tokitan jarrita ere, bizilagun batzuei eragingo die. Txotx denboraldian, herri guztiak sufritzen du zikinkeria, zarata, tirabirak, zaintza falta... Eta hori ez dira bost egun, hiru edo lau hilabete dira; baina horrekin ez da ezer egiten», kritikatu dute.
Gazte Asanbladak adierazi du, erabakia ez dela adostua izan: «diote garai batean adostu zela, baina ez da horrela; proposatu zuten, baina ez zen ezer zehaztu. Toki aldaketa bakarra, duela 10 bat urte izan zen, Norberto Almandoz plazara, eta orduan ere, talde politiko honekin. Badirudi Asanbladari eta Zipotzari izorratzeko egiten dutela. Herrian dagoen gazte mugimendu exkax honi, harri gehiago botatzea da».
«Udalarena inposaketa izan da, proposamena baino gehiago»
Udalaren bigarren proposamenarekin ere ez datoz bat: «fusioarena da beste kontua. Beraiek ere ez dakite zer egin nahi duten. Bileretan eskatu diegu, idatziz emateko horren helburuak, zergatiak, funtzionamendua, inbertituko den dirua... Eta ez digute ezertxo ere esan. Nola emango diogu baiezkoa proiektu bati, nolakoa izango den jakin gabe? Ideia orokor bat bota dute, elkarte desberdinak elkartu eta guztion artean karpa bat montatzeko; baina ez dute ezer zehaztu. Gainera, zabaldu dute herriko eragileekin hitz egin dutela; baina gu herriko 12 talderekin jarri gara harremanetan, eta bakar batek ere ez du informaziorik jaso; are gehiago, askok ez dute ezer jakin nahi, sekulako lana delako. Duela urte batzuk talde gehiago zeuden gurekin txosnan, eta gu pozik egongo ginateke, herriko jendeak gurekin batera antolatu nahiko balu. Baina horretarako, Udalak ez dauka etorri beharrik, hori esatera. Ondo dago proposatzea, baina beraiena inposaketa izan da, proposamena baino».
Edozein kasutan, uste dute «berandu» dela, hori koordinatzen hasteko: «lanketa bat behar du horrek. Ideia ondo ikusten dugu, uste dugu herri bezala polita izan daitekeela, eta bideragarria dela. Baina aurten oso berandu da. Beraz, proposatu dugu aurten bere horretan uztea; eta 2019rako, iraila edo urrian hastea lanketa, herritarrekin eta eragileekin». Eta gaineratu dute: «proposamena ona da, baina egin duten kudeaketa txarrarekin, herri osoa aterako da galtzen».