Gustuko gauzak jarri, planoa osatu... eta nola jarraituko du ipuinak?

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 14a, 02:00

«Lehenengo egunean, idatzi genituen gure izenak txarteletan, elkar hobeto ezagutzeko. Beste egun batean, atera ginen eskolatik, eta hartu genuen gus­tuko zerbait, kristalezko po­toan sartzeko. Eta asmatu genituen jolas berriak. Eta egin genituen itsasontziak; eta idatzi genuen gustuko zerbait. Eta...». Eta ipuinak jarraitzen du. Bai­na nola jarraituko ote du?

«Gure gustuko gauzak pla­no batean jarri genituen, eta pa­tio­ko planoa osatu genuen ho­rrela». Eta... Stop. Gelditu hor. Segiko du ipuinak, baina puntu horretan dago orain, Ereño­tzu­ko Txirrita es­kola eta Taba­ka­le­ra aurrera eramaten ari di­ren proiektua, Eskola Aldiriak. Helburua, esko­lako patioa ha­rreman gune bezala lantzea.

Plazerra, abiapuntua
Eskolako patioa eraldatu, eta auzoan txertatzeko asmoarekin abiatu zuten, ikasturtearekin batera, azkeneko txanpan sartzen ari den prozesu luzea bezain polita. Eta hasteko, erabaki zuten zer jarri erdigunean: plazerra izango zen abiapuntua, egingo ziren eraldaketetan. «Eraldatu nahi geni­tuen harremanak, dinamikak, patioa era­biltzeko moduak... Eta erabaki genuen, aldatzeko motorra izan zedila plazerra, zerekin senti­tzen dugun plazerra. Azken ba­tean, eskola ere badelako plazer iturri», azaldu du Ana Revuel­tak, Tabakalerako hezkuntza arlo­ko teknikariak.
Eta behin abiapuntua erabakita, ekin zioten aurreneko faseari; ipuinaren hasierari. Gabonetara bitartean, hiru ere­mu aztertu zituzten ikasleek, irakasle, guraso eta dinamizatzaileekin: eskola bera, etxea eta auzoa. Zer egiten, norekin eta nola sentitzen dute plazerra, eremu bakoitzean?

Hori iker­tzeari ekin zioten, baina eremu bakoitzean, modu desberdin batean. Eskola ba­rru­ko ikerketan, memoria eginez abiatu: gustuko momentu bat gogoratu zuten, marraztu nolakoa izan zen, eta eskolan zehar markatu zituzten puntu horiek, zinta batzuk jarriz, adibidez. «Oraindik gelditzen dira zinta batzuk jarrita».

Etxeko plazerra, aldiz, soinuaren bidez aztertu zuten: etxeko gustuko momentu bat aukeratu, eta minutu bateko audio bana grabatu zuten, ekintza hori egiten eta esplikatzen: Mikado jolasarekin batzuk, gosaltzen besteak, edo gauean ipuina entzutea... Gero, klasean entzun zituzten de­nak, eta imajinatu zuten, nola eraman zitzaketen momentu ho­riek eskolara: hemen zine bat egon liteke, eta han sofa bat!
Eta hirugarrena, izan zen auzoko tokiak aztertzea. Ikasle bakoitzak aukeratu zuen bere gustuko tokia, han zerbait egitea gustatzen zaiolako; eta ibilalditxoa egin zuen gela bakoi­tzak, txoko guztietara. Mapa baten laguntzaz aurkitu zituzten toki guztiak, eta bakoitzean, sartu behar zuten gustuko ekintza hori, kristalezko pote batean, modu metaforikoan edo sinbolikoan: «batzuen ekin­tza zen, festetan egon zirela eli­zako bankuan jarrita, tren­tzak egiten; ba neska batek, ileko goma bat sartu zuen pote­an. Beste batzuek, zalditegian egindako zerbait zuten gustuko, eta orduan, zaldiaren kaka sartu zuten potean», go­goratu du Revueltak. Prozesuko material guztia, museotxo ba­te­an daukate jasota, eskolako sarreran, patiotik sartuta.

Artisten begiradatik, ipuinaren korapiloa: nolako patioa egin?
Hiru eremuak aztertu ondoren, iritsi zitzaien momentua, hasteko erabakitzen zer egin eskolako patioan. Eta eztabaida hori nola bideratu, elkarbizi­tzako gatazkak nola landu ikasteko, zenbait saio egin zituzten, Arre­manitz kooperatibako kideekin: proiektuaren barru­an, lanketa berezi bat.

«Ideia zen, patioan, guztiok konpartitzen dugun espazio horretan, jartzea menua gero eta anitzagoa; ez mutilen edo nesken gauzak. Nola imajina­tzen dugun, aukera gehiago eskaintzen dituen patio bat», azaldu dute.

Eta horrela iritsi ziren, ipuinaren korapilora: nolako pa­tioa egin? «Horretarako, artista batzuk sartu genituen pro­iek­tuan; eta beraien bitartez, bes­te metodologia batzuk, bes­te hizkuntza bat, beste begirada bat», dio Revueltak. Proiektuak ordura arte hartutako norabidearen arabera, aukeratuko zuten zein artistarengana jo; eta erabaki zuten, bi perfiletako artista taldeak sartzea: estruktura eta arkitekturaren arlokoa bata; eta bestea, arreta jarriko zuena espazioaren erabileran, akzioetan, mugimenduetan... Aurreneko perfilerako, Maus Haus kolektiboko arkitektoak aukeratu zituzten, haurrekin lan egiten eskarmentua daukatenak; eta bigarrenerako, Mugatxoan kolektiboa, mugimendua, gorputza eta performancearen arloan lan egiten duten bi artista. Bi astez aritu dira talde bakoitzarekin, Aste Santua baino lehen.

Lau aste horietan, esperimentatu dute zer egin zezaketen, eta jolas berriak eta ekin­tza bereziak egin dituzte. Maus Hausekoekin, adibidez, aurreneko faseko ideia batzuk, eskolara eraman zituzten: behin, eskolako liburutegian koltxoiak sartu zituzten, pijamarekin joan ziren ikasleak, eta lotara joateko momentua balitz bezala, ipuinak irakurri zituzten; beste batean, jangela pixka bat aldatu zuten, mahaiak mugituz eta mantelak aldatuz, eta jatetxe bihurtu zuten. «Asmoa zen ikasleak konturatzea, gutxi eginda, asko aldatu daitezkeela espazioak», diote.
Mugatxoan bikotearekin, berriz, funtsezkoarekin hasi ziren: arnasa ondo hartzea, lasaitasuna lortzea, ondo egotea, besteak zaintzea, begiradak, besteak ikutzea... Eta hortik, iritsi ziren jolas berriak planteatzera, futbolarekin eta betiko jolasekin zerikusirik ez zeukatenak.

Patio berriaren planoaren aurreneko diseinua, osatuta
Artisten saioekin batera, hartu zuten patioaren plano bat, eta jarri zituzten bertan, beraien gustuko gauzak, tokiak, ekin­tza jakin batzuetarako elementuak... Klase bakoitzak sartu zituen bereak, eta lan hori eginda iritsi ziren Aste Santuko oporraldira.

Proposamen guztiak jasota, antzeko elementuak multzokatu egin dituzte, guztiak egon daitezen irudikatuta, patio be­rriaren plano horretan. «Bada elementu bat, bereziki eskatu dutena, eta hori natura da. Patioa da lur gogor bat, kantxa bat... Eta natura eskatu dute», dio Revueltak.

«Eta elementu bateratzailea da, gainera. Beste elementu batzuek, futbolak adibidez, banatu egiten dute. Baina natura ikasle guztiek eskatzen dute, adin eta genero aldetik aniztasuna dago. Eta izan daiteke, behar dugun indar bateratzaile hori, betiko antolaketa taldekatzailearekin hausteko», gehitu du Gurutze Jauregik, eskolako irakasleak.
Beraz, natura ez da faltatu, patio berriaren planoaren au­rreneko diseinuan. Maus Haus taldeak diseinatu du, eta aste honetan eztabaidatu dute, taldez talde.

«Eraldatu nahi genituen harremanak, dinamikak, patioa erabiltzeko moduak... Eta erabaki genuen, aldatzeko motorra izan zedila plazerra. Azken batean, eskola ere badelako plazer iturri»

«Oso garrantzitsua izan da, irakasleek nola tiratzen duten haritik»
Asteartean, irakasleekin bildu ziren Revuelta eta Andrea Arri­zabalaga dinamizatzaileak, pro­­zesu osoan bezala, planoari bu­ruz eztabaidatzeko. «Ira­kas­leek ezagutzen dituzte ondoen ikasleak, eta beraz, klaseak guk di­namizatu arren, irakasleekin batera pentsatu dugu nola gi­datu. Konfiantzazko harremanean aritu gara momenturo, elkarlanean. Eta oso garran­tzitsua da, irakasleek nola tira­tzen duten haritik, nola lotzen duten gai bat bestearekin, ikas­gai batekin, gaitasun bat gara­tzeko aukerarekin... Gertatzen zen guztia antolatu eta zentzua eman diote irakasleek», diote Revueltak eta Arrizabalagak: «esker­tze­koa izan da eskolaren jarrera, beti egon dira gauzak aldatu eta klaseak beste modu batera egokitzeko prest».

Gurutze Jauregi eta Arantxa Ansa irakasleek, diote ikasturte honetako lehentasuna izan dela proiektua: «kanpoko jende asko etorri da, eta beraien arabera antolatu ditugu egunak. Bereziki artistak etorri direnean, horretara egon gara buru-belarri. Gaitasunak lortzeko, oso tresna potentea da proiektua, errealitatetik ari garelako, curriculumeko gaitasunak, sor­mena, harremanak eta trebeziak lantzen. Ikasleen bidelagun izan gara irakasleak, plazerra bilatzeko prozesu horretan. Eta akuilatzea ere izan da gure lana, kritikotasuna bul­tzatzea, galderak planteatuz; bideratzea beraien sormena eta autokritika».

Jolaserako gune gehiago izatea, ikasleen poza
Irakasleekin eztabaidatu ondoren, ikasleei aurkeztu zieten proposamena, asteazkenean eta ostegunean. Plano hori ikusi baino lehen, prozesu osoari egin zioten errepasoa; ipuina kontatu zuten berriro. Nola hasi ziren lantzen, zer den plazerra... eta zer ez den plazerra ere bai; gelan kafea probatu zutenean, adibidez: «kafe hotza, ze nazka!»; «batzuek pentsatu zuten Coca-Cola zela!», ekarri zuten gogora.
Ikasleak izan ziren, segidan, patio berriaren planoa ikusten aurrenekoak. «Beraien eskaerak jaso ditugu planoan: natura, goxo egoteko tokiak, eskulanak egitekoak, gora eta behera ibil­tzekoak, musika eta dan­tza... Susmoa daukat, denok geneukala buruan beste ideia bat, baina azkenean de­nona ja­so­tzen dela pixka bat. Mul­tzo­katu­ta eta negoziatuta, baina guztien aportazioa jasotzen da, modu batera.
Garbi geratu zen, asteazkeneko eta osteguneko bileretan, gustatu zaiela proposamena, ikasleei. Jolaserako gune gehia­go eskatu zuten, eta patioan aldaketa bat eginda, lortuko dute hori: «benetan? Ze ondo!», oihukatu zuten, hori entzutean. Txokoz txoko azaldu zizkieten gero, patioko gune ezberdinak. Eta dagoeneko hasi ziren buru­ari eragiten: «horma txiki hori parkour egiteko!», okurritu zi­tzaion bati. Txoko batzuk nola egin ere hasi ziren pentsatzen: «hori motozerrarekin», batek; «nik badaukat garajean», eran­tzun besteak.

Patioa eraldatzeko lanak laster, auzolanean
Izan ere, patioa eraldatzeko la­nak aurrera eramateko ere, be­raiek izango dira protagonista: auzolanean egingo dute. Arra­zoi ezberdinengatik: «gauzak el­karrekin egiteak sortzen du­en atxikimenduagatik, helduen eta haurren artean; asko ikasteko aukera ematen duelako, baliabideak eta ezagutzak partekatuz; eta beste arrazoia, noski, ekonomikoa», azaldu dute.
«Oso inportantea izan da komunitatearen lana, prozesu osoan; eta bereziki orain, auzolanarekin laster hasiko garelako», dio Revueltak. Hain justu, komunitateari egin zioten planoaren aurkezpena, ostegunean. «Gure kezka izan da, nola txertatu komunitatearen partehartzea prozesu guztian; eta hasierako fasean, plazerrarena ikasleekin lantzen genuen bi­tartean, kutxa batzuk ere jarri genituen eskolan, jendeak bere ekarpenak eta proposamenak egiteko, beraien plazerrak ere hor sartzeko», dio Jau­regik.

«Ikasleen eskaerak jaso ditugu patio berriaren planoan: natura, goxo egoteko tokiak, gora eta behera ibiltzekoak, musika eta dantza... Guztiena jasotzen da, pixka bat»


Auzolanetik aterako da, pro­iektu honen azkeneko emaitza: «baina gustatuko litzaiguke, prozesua ez bukatzea hemen. Ateak zabalik uztea, datozen urteotan garatzen joateko. Eta aldaketa gehiago egiten joan, ikusi, aztertu eta egokitu. Pa­ti­oa da espazio bat, ikasleak eta gurasoak, komunitatea harremanetan jartzen duena, eta nahi dugu izatea harreman horiek sustatzea eta hobetzea ahalbidetuko duena», nabarmendu du Jauregik berak.

«Emaitza baino, prozesua bera izan da garrantzitsuagoa»
Laster hasiko da itxura berria hartzen, eskolako patioa; eta bertan egongo da islatuta, prozesu osoa; baina ez du patioan bakarrik izango bere isla, prozesuak: «pila bat ari gara ikasten, prozesu osoan zehar. Ira­kasleok lan egiteko modu bat daukagu, eta proiektu honen bidez, ikusi ditugu beste modu batzuk, umeen oso aldekoak, motibazio aldetik eta beste lengoaia batzuk ikasteko oso ba­liagarriak direnak; bai irakasleontzat, eta baita ikasleentzat ere», dio Gurutze Jauregik.

Eta gaineratu du: «prozesu guztia izan da partehartzailea. Ikasleek kuestionatu dituzte beraien joerak, zergatik egiten dituzten gauzak; autokritika landu dute. Eta oso aberasgarria izan da. Gero fisikoa, ukigarria dena izango da gauza bat; baina guk bizi izan duguna, oso aberasgarria izan da. Prozesua bera izan da garran­tzitsuagoa, emaitza baino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!