Behin betiko geratu zen onartuta, martxoaren 15ean, 2018ko Goizuetako Udal Aurrekontua. 802.498,46 eurokoa izanen da, eta iazko Zabortegiko obraren adinako inbertsio haundirik ez egin arren, hainbat proiektu dauzka esku artean Udalak, urte honetarako ere.
Hasierako aurrekontuaren %6a bakarrik dago jasota inbertsioetarako, baina modifikazioak eginen dituzte, proiektuetako batzuk gauzatzeko. Horien artean daude, Madaleneko zubitik Olatxora bidegorria egitea, edota Artikutzako sarrera baino lehen dagoen aparkalekura, bidea egokitzea.
Sarrera nagusia, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza
Aurten ere, bi sarrera iturri nagusi izanen ditu Goizuetako Udalak: ohikoak batetik, zergak, tasak eta horrelakoak, %37a dira, eta mantendu eginen dira aurten; eta bestetik, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza, sarreren %46a. «Bi horiek dira, inbertsioetarako marjen pixka bat ematen digutenak. Lehen, menditik izaten genuen diru sarrera nagusia, baina tifusaren gaitzak pinu guztiak kaltetu zituenetik, gure sarrera nagusia, propioa ez den baliabide bat da. Esperantza badaukagu, Mapa Lokalaren proiektuak gure gaitasun ekonomikoa hobetuko duela, baina momentuz iaz bezala dago, eztabaida parlamentarioan jarraitzen du; eta ikusi behar da zein ibilbide izanen duen, jakinda legealdiko azkeneko urtea dela», azaldu du Unai Loiarte alkateak.
Eta beste diru sarrera bat, mendi loteen subastatik lortu nahi du Udalak: «iazko subasta desertu geratu zenez, asmoa da aurten biak batera ateratzea, iazkoa eta aurtengoa».
Aurreneko modifikazioa, hiru gastu txertatzeko
Gastuetan, berriz, pertsonalarenak izanen du zati haundiena, %34a; eta funtzionamendu gastuek %17a. Zerbitzuetarako, aurrekontuaren %19a bideratuko da aurten. Eta esan bezala, aurrekontuaren %6a bakarrik bideratu da inbertitzeko: «ez da asko, inbertsioetarako geratu zaiguna», dio alkateak.
Hala ere, dagoeneko egin dute aurreneko modifikazioa, hiru gastu txertatzeko: batetik, pertsona bat kontratatzea, urtero bezala, subastatuko den mendi lotearen neurketa egin dezan, Gobernuko mendizainarekin eta udal langilearekin batera; eta beste biak, Xalto eskolako parkea eta kanpoaldeko argiteria berritzea. Hori egiteko, dirulaguntza bat baliatuko du Udalak.
Hain justu, eskolako parkea eta Plazakoa berritzea da, aurtengo proiektu nagusietako bat: «herritarrek egindako eskaera bat da, eta konpromisoa hartu genuen biak berritzeko». Plazako parkea berritzeko, dena den, ez du dirulaguntzarik jasoko, eta Udalaren gastutik asumituko da; 15.000 euro, guztira. Bietan, berrituko dira lurra eta mobiliario osoa: «eskolakoa, adostu genuen eskolan landuko zutela nolakoa egin, ikasturtean zehar; baina ez dute aukerarik izan, eta azkenean, Udalak egin du, eskolako zuzendaritzaren adostasunarekin», azaldu du Loiartek.
Zabortegitik Artikutza baino lehen dagoen aparkalekura, bidea egokitzea
Beste inbertsio garrantzitsua da, egokitzea Artikutzara sarbidea, Goizuetatik. Zehazki, txukundu eta konponduko dute zabortegitik Artikutzako sarrera baino lehen dagoen aparkalekura bidea. 110.941,10 euroko aurrekontua dauka obrak, eta hori aurrera eramateko, 50.000 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak, Cederna-Garalurrek kudeatzen duen Europako dirulaguntza batetik; Landa Garapenerako Planekoa, hain justu.
Dirulaguntza deialdi horretara aurkeztu zituen, beste bi proiektu ere; baina bi horietan, ukatu egin diete laguntza. Tifanitxo eraikina, gaztetxea dena, barrutik berritzeko proiektua da aurrenekoa: «egokitu eta erabilera anitzetako espazio bilakatu nahi dugu, herriko eragile ezberdinek izateko beraien lokala bertan, beren jarduera aurrera eramateko. Oraindik ez da ebazpena atera, baina esan digute, ez digutela emanen dirulaguntza, ez delako akreditatzen eraikin hori gurea denik. Juridikoki, Elkartasuna elkartearena da, 1901ean sortu zena, eta bere egituraren barruan veintena izeneko figura daukana, egungo arauetatik kanpo dagoena, aukeraketa librearen kontra doalako. Elkartea bera, ez da funtzionala, eta Udalak indarra hartu duen heinean, bere eskumenak Udalak hartu ditu, nahiz eta juridikoki elkartearenak izaten jarraitu; besteak beste, mendia edota Tifanitxo bera. Beraz, gure asmoa da ebazpena errekurritzea, justifikatuz teilatua berritzeko Udalak egin zuen gastua, eta Udala dela ohiko gastuak ordaintzen dituena. Eta horrekin batera, martxan jarriko dugu Elkartasuna elkartearen disoluzioa».
Bidegorria, Madalenako zubitik Olatxora
Europako dirulaguntza ukatu diote, arrazoi beragatik, Madalenako zubitik Olatxora bitarteko bidegorriaren proiektuari: «ibilbide guztian, lurra ez da Udalaren jabetzakoa, zati batzuk jabe partikularren esku daude. Baina guretzako estrategikoa da bidegorria luzatzea zati horretan, ikusita jendea errepidetik ibiltzen dela, eta bidegorriaren aurreneko zatiak arrakasta daukala. Beraz, gure asmoa da legealdi honetan aurrera eramatea proiektua, uste dugulako herritarren gehiengo haundi batek eskatzen duen zerbait dela. Horretarako, disposizioa lortu behar dugu. Aurreneko aukera da jabeekin adostasunera iristea, eta azkenekoa, beti hor dagoena, jabetzaren espropiazioa», dio Unai Loiartek.
Inbertsio gehiago ere eginen ditu Udalak aurten. Dantzen lokala berrituko du (8.000 euro): leihoak berritu, komunak egokitu... Berritu eginen du, Borda Erretik Errekalekura doan pista ere, Basauntz ehiza elkartearekin batera (2.000 euro). Eta kitamiedosak jarriko ditu, zenbait baserritarako bideetan, segurtasuna hobetzeko (1.000 euro).
Autoenplegurako dirulaguntzak ere emanen dira, autoenpleguaren alde egiten dutenei, Gizarte Segurantzako gastuekin laguntzeko (2.000 euro). Eta beste partida bat gorde da, auzolana sustatzeko: herritarrek auzolana antolatu nahi dutenean, materiala utziko zaie, asegurua kontratatuko da, eta hamaiketakoa emanen zaie bukaeran. Interesatuek, udaletxera jo behar du, eta adostuko dute zer egin.
Iralekuen hitzarmenak egiteko, informazio bilketaren fasea bukatzeko enpresa bat kontratatuko da (6.000 euro), Udalak ezin baitu bere baliabideekin. Eta beste pertsona bat hartuko da, udaran, Zubimuxu aterperako: «Udalak kudeatzea ez da egokia; zinegotziei lan haundia suposatzen die, eta lanpostu bat ez da aprobetxatzen. Gainera, aterpea bultzatu gabe 5.000 euro inguruko irabaziak izan bazituen 2017an, norbait jarrita gehiago lortu daiteke. Nahi duguna da, norbaitek aterpea hartzeko interesik badu, Udalera gerturatzea».
Ganbarara igogailua, 2019an
Datorren urterako proiektu bat ere aurreratu du Udalak, dagoeneko: igogailua jarriko dute udaletxeko ganbarara, kontsultako komuna dagoen tokian. 100.000 euro inguru izanen dira, baina %70a diruz lagunduko du Nafarroako Gobernuak.
2018ko UDAL AURREKONTUA
Sarrerak: 802.498,46€
Zerga zuzenak 196.600€
Zeharkako zergak 12.000€
Tasak, prezio publikoak eta bestelakoak 87.618€
Transferentzia arruntak 272.344,46€
Ondare sarrerak 139.248€
Kapital transferentziak 92.688€
Gastuak: 802.498,46€
Inbertsioak 48.181,58€
Mendiko arloa 76.170€
Euskara eta kultura 68.220€
Pertsonal gastuak 268.663€
Gastu orokorrak 137.454€
Zerbitzuak 152.937,88€
Bestelakoak 50.872€