Aritz Zubiri goizuetarrak bere lehenengo finala jokatuko du gaur Galarretan. VIII. Sagardoaren Txapelketako finalean ariko da, Xanti Uterga doneztebearrarekin batera, Urriza eta Garcesen kontra. Uterga eta Zubirik Hernaniko Altzueta sagardotegia ordezkatzen dute eta aurkariek Astigarragako Gurutzeta. Lau finalistak nafarrak dira.
Lehendabiziko finala da zuretzat. Berezia izango da?
Guk normalean goiko erremontista hoberenekin nahastuta partidu gutxi jokatzen ditugu. Eta Sagardoaren Txapelketa da aukera hori ematen diguna. Demostratu nahia izaten da. Guretzako oso txapelketa polita izaten da. Oso gustora ibili naiz Utergarekin batera.
Txapelketa nola joan da?
Lehendabiziko fasean lehenengo partidua galdu genuen Urriza eta Garcesen kontra, gaurko finaleko aurkari berdinen aurka 40 eta 30. Gero berriz denak irabazi ditugu, ligaxkako bi partidu eta final laurdenak eta final erdiak.
Final erdian dotore jokatu zenuen.
Bai, egia esan gustora aritu nintzen.
Finalerako ze pilota motak aukeratu dituzue?
Ez oso biziak, ezta ere motelak. Beraienak gureak baino biziagoak izango dira. Gureak jokatzen uzten duten pilotak dira, motelegiak izan gabe.
Urriza jokoan ahalik eta gutxien sartzea izango da helburua.
Dudarik gabe. Kosta hala kosta Urrizari pilota kendu behar diogu eta hori lortzen badugu Garcesek aukera gutxi izango ditu mina egiteko eta Utergak aukerak izango ditu jokoan sartzeko eta tantoak amaitzeko, horretan artista baita.
Zenbat Sagardoaren Txapelketa jokatu dituzu?
Pasa den urtean ordezko bezela aritu nintzen. Urrizarekin ere pare bat aldiz jokatu dut. Aurtengoa hirugarrena izan da.
Nolatan hasi zinen erremontean?
Osaba batek esaten zigun probatzeko eta probatzeko, erremontean hasteko. Urtzi Irazustaren bidez hasi nintzen Hernanin ikasten 18 urterekin. Lehengusu bat aurretik ere ibilia zen.
Ze urtetan egin zenuen debuta?
2009ko abenduan jokatu nuen lehenengo partidua profesional bezala. Bederatzi urte pasa dira, 22 urte nituen, 23 egiteko egun gutxi falta ziren. Oscar Urrutia ‘Urrutia II’, Barrenetxea IV, Oñatz eta nik debutatu genuen egun horretan.
Barrenetxearen botillero ere bazera.
Hala da. Afizionatutatik gabiltza elkarrekin, entrenatu ere bai.
Zu esku-pelotan ibilitakoa zara.
Bai, infantilak arte. Bi urtetik behin Apezetxearekin jokatzen nuen urtebeteko aldea baitugu. Orain lana eta erremontea uztartzen ditut. Hernaniko Udalean egiten dut lan.
Goizuetatik animoak ez zaizkizu faltako. Sarrera batzuk erosi dituzte herri kideek.
Ea etortzen diren. Saiatuko gera ahal ditugunak ekartzen.
Finala eta gero afaririk antolatu da?
Irabazi edo galdu afaldu beharko dugu. Elkartean antolatu da. Goizean txakolin dastaketa dago eta seguru baten bat fin etorriko dela frontoira.