Gutxi geratzen da Goizuetako festa orientalenak! hasteko. Datorren asteburuan ospatuko dituzte, hutsik egin gabe, Txinoko Fiestak, bi eguneko egitarauarekin. Udaberriarekin batera, auzoetako jaiak ospatzen hasiak dira Euskal Herriko hainbat herrietan. Hernanin aurrenekoak Osiñagakoak izaten dira, baina ordura arte itxaron nahi ez dutenek, datorren asteburuan dute aukera. Goizuetan, Txino auzoko festak ospatuko dituzte ostiral eta larunbatean; eta horretarako, egitarau zabala antolatu dute.
Ostiralean berotuko dituzte motorrak, urtero bezala, bertsotan eta musean. Zubi-Ondo tabernan jarri dute zita, 20:00etan, Aurten aldaketak daude bertsolari gonbidatuetan; Jexux Mari Irazu larrauldarra eta Agin Laburu astigartarra ariko baitira. Eta segidan, mus txapelketa jokatuko dute bertan 22:30etan hasita. Izena, txapelketa hasi aurretik eman behar da. Sariak aurreneko hiruentzat izaten dira: irabazlearentzat arkumea; bigarrenarentzat, bogabantea eta txakolina; eta hirugarrenarentzat, txuletak eta ardoa. Txapelketak beti biltzen du jendea mahai bueltan.
EGITARAUA
n Maiatzak 4, ostirala
20:00: Bertso saioa Agin Laburu eta Jexux Mari Irazuren eskutik.
22:30: Mus Txapelketa Zubiondon.
n Maiatzak 5, larunbata
11:00: Haur ta gaztetxon krossa.
12:00: Txupinazoa ondoren dragoia aterako da trikitilarikin.
13:00: Sokatira.
14:30: Herri bazkaria (Txartelak Amaienen salgai).
18:00: Papo kubatarraren ikuskizuna. Ondoren dantzaldia Irati eta Leirerekin.*Zubi-Ondo taberna irekia egongo da ostiral arratsalde eta gauean eta larunbateko 09:00etatik aurrera. Bertan, edariz gain, pintxo eta bokadiloak izango dira. Bajera ere irekia egonen da larunbata eguerdi eta arratsaldean.
Aurten ere, sokatira saioa
Baina larunbata izanen da egun haundia, eta aurten, pasa den urteko nobedadea mantendu eta errepikatuko da, sokatira lehia polita. Txino auzoa, Goizuetako herriaren kontra ariko da nor baino nor. Zeinek irabaziko ote? Festetako egun oparoena izanen da, eta ospatzeko, denetatik antolatu dute.
Goizean, haur eta gaztetxoen krossa eta txupinazoa izanen dira ekitaldi nagusiak; herri bazkaria eta gero, ikuskizuna eta musika. Haur eta gazteen krossa goizeko 11:00etan hasiko da. Txupinazoa goizeko 12:00etan botako dute, eta herri bazkaria egin bitartean izango dira sokatira eta trikitilariak. Bazkaria 14:30etan hasiko da, eta joan nahi dutenentzat txartelak Amaia kafetegian daude salgai; ikasle eta langabetuentzat 15 euroan; eta langileentzat 18 euroan. Bazkariaren ostean, musika izango da nagusi: 18:00etan Papo kubatarraren ikuskizuna eskainiko da eta ondoren dantzaldia Irati eta Leirerekin.
Herriko eragile eta norbanako desberdinen laguntzaz antolatuko dira, Txino auzoko fiesten 15garren edizioa. Gazte Asanblada, Guraso Elkartea, Ezker Abertzalea, Umore Ona Elkartea, herriko gazteak denak parte hartzen dute zubiz hauntz dagoen auzoko fiestetan.