Astearte eta ostegunetan entrenatzen dute, Astigarragako Txirrindulari taldeko txikienek. Asteazkenekoa, atseden eguna dute, baina neke arrastorik gabe elkartu ziren egun horretan, Kronikarekin. Are gehiago, sekulako martxarekin! «Oso giro ona daukagu taldean; akaso oso berritsuak gara, hori bai», onartu dute. Elkarri bromak egiten eta txintxatzen pasa dute elkarrizketa osoa; ondo pasatzen, elkartzen diren bakoitzean egiten duten bezala.
Eta horixe egingo dute gaur ere, zita berezia daukate eta: Txirrindagan Txiki lasterketa izango dute, Astigarragan bertan, txirrindulari alebin eta infantilek; 17:00etan hasita, erdiguneko kaleetan barrena: «ilusioa egiten digu, polita da herriko lasterketa egitea», diote.
Sekreturik ez, baina tranparen bat akaso...
Ondo ezagutzen dute, lasterketaren ibilbidea: zirkuituari hiru itzuli emango dizkiote, 5 kilometro osatzeko guztira. «Sekreturik ez dago, batxeetan kontuz ibili eta gainerakoan dena eman». Baina sorpresaren bat prestatuko dutela onartu dute, barre algaraka: «lurrean txintxetak jartzeko esango diegu herritarrei!». Baina hori bakarrik ez, animoak ere eskatu dituzte: «gerturatu daitezela gu animatzera, guk dena emango dugu eta!». Uste dute, herrian beste inon baino animo gehiago izango dituztela.
Baina ez dute animorik falta, kanpoan aritzen direnean ere: «familiakoak eta lagunak joaten dira, eta taldeko beste bi neskak ere bai. Lasterketetara nesketan ni bakarrik joaten naiz, baina besteak joan izan dira animatzera», dio Amets Goikoetxeak. «Hori bai, Ametsi bakarrik animatzen diote!», erantzun Markel Galarragak.
Animo horiekin, dagoeneko hirutan lortu du podiumera igotzea, Ametsek: «nabaritzen da gero eta neska gehiago garela txirrindularitzan», dio.
Zazpi lasterketa egin dituzte orain arte, eta «gustora» ari dira denak. Baina lasterketetan bakarrik ez, entrenatzen ere ederki pasatzen dute: «Zarkumendegira edo Hernanira joaten gara, normalean bidegorritik, baina batzuetan errepidetik ere bai. Entrenatzaileak batzuetan uzten digu Zarkumendegira azkar joaten, eta pikatu egiten gara gure artean», onartu dute. «Asko ari gara ikasten, indarrak neurtzen... Gu denak txikiak gara, eta karreretan beste txirrindulariak haundiak!».
Gehienei, familiatik datorkie txirrindularitzarako zaletasuna: aita ibiltzen dela, osaba ibiltzen dela... Errepidean ziklistak ikustean, inbidia sentitzen zuela onartzen du Beñat Auzmendik, eta «karreterako bizikleta lortzeko» apuntatu zen Aimar Zabala, onartu duenez. Lasterketetan libre sentitzen direla, edota bizikletan ibiltzeak zirrara berezia pizten diela ere aipatu dute.
Baina palan, esku pelotan, futbolean, dantzan... Denetik egiten duten arren, garbi daukate, txirrindularitza dela, gehien gustatzen zaiena. Horregatik, «ondo pasatzera» aterako dira gaur, herriko kaleetan, astigartarren animo artean.
Gainerako kategorietan
Azparren bigarren eta Romero laugarren, Segurako Sarian
Aurreko asteburuan ere, hiru lasterketatan aritu ziren, txirrindulari astigartarrak. Aizarnazabalen aritu ziren infantilak, zirkuitu motz bezain teknikoan, eta ez zuten lasterketa bukatzea lortu Tasio Semperena eta Aketza Bolado astigartarrek, doblatu egin baitzituzten aurrenekoek.
Oso bestelakoa izan zen herritarren partehartzea, kadete mailako Segurako Sarian. 63 kilometroko lasterketan, Lierniako gainean hautsi zen, helmugatik lau kilometrora, eta lau laguneko taldetxo bat nabarmendu zen buruan; horien artean, bi astigartar: Enekoitz Azparren eta Jaime Romero. Laukotea buruan iritsi zen azkeneko aldapatxora: Asier Pozo izan zen indartsuena, Azparrenen aurretik; eta Haimar Etxeberriak hirugarren postua kendu zion Romerori.
Jubenilek, berriz, Gipuzkoa Klasikoa izan zuten Azpeitian, 108 kilometroko ibilbidean, eta 166 txirrindulariren partehartzearekin. Telmo Semperenak eguneko ihesaldia hartu zuen, beste zortzi txirrindularirekin batera. 40 kilometroz izan ziren buruan, baina Errezilera igotzen harrapatu zituzten, eta tropela hautsi egin zen. Hortik aurrera, Semperenak, atzean geratuta, helmugara kontrolaren barruan iristea zuen helburu bakarra, Alfonso Silva portugaldarrak irabazi zuen lasterketan.
Eta 23 urtez azpikoek, azkenik, Arabako Duranan izan zuten lasterketa, Lehendakari Torneoko seigarren proba. 148 txirrindulari abiatu ziren, 118 kilometroko ibilbide lauean, eta ziztu batean osatu zituzten Ulibarriko urtegira hiru itzuliak, 49 kilometro orduko batazbesteko abiaduran.
Urko Semperena, esprint bideratzaile lanetan aritu zen, Onditz Urruzmendi taldeburuarentzat. Zazpigarren izan zen Urruzmendi esprintean, eta 32garren bukatu zuen Semperenak, lana egin ondoren.
Urretxun, Amurrion eta Idiazabalen, lasterketak
Astigarragan bertan ariko dira, alebin eta infantilak; eta kanpoan, gainerakoak. Kadeteek, Urretxun daukate zita, gaur 16:00etan. Jubenilak, Amurrion ariko dira gaur, 10:00etan; eta Idiazabalen bihar, 16:00etan. Eta afizionatu mailakoek, bost lasterketa dauzkate aukeran, asteburu luzean: besteak beste, Lazkaoko Proba etzi, 10:00etan; eta Andoaingo Santikutz Klasika asteartean, 09:30etan.