Berriro ere, Bapo Kantari ekitaldia antolatu dute Herri Eskolako eta Musika Eskolako guraso eta irakasleek. Maiatzaren 25ean egingo da, Petritegi sagardotegian, eta txartelak erosi daitezke, dagoeneko.
Saltsarako prest dagoen guztiei irekia
Ekitaldiaren helburua, besteak beste, ondo pasatzea da. Herri eskolako guraso eta irakasle «saltsero» batzuk, musika eskolako irakasle batzuk eta Petritegi sagardotegia bera dira antolatzaileak, eta saltsa horren parte izateko prest dagoen edonori irekia izango da.
Kantu afaria maiatzaren 25ean egingo da, Petritegi sagardotegian, 20:00etan hasita. Sagardotegiko menua jarriko da, arrainarekin, eta kafea, kopa eta afalondo luzea ere prezioaren barruan sartuko dira: 35 eurotan erosi daitezke txartelak dagoeneko, sagardotegian bertan, Petri tabernan, www.petritegi.eus webgunean edo 943 457 188 telefonoan. Kantu afariko egunera arte salduko dira.
Afalondorena kantu, bertso eta giro onarekin borobilduko da, «eztarria urratu arte»; kantuan, afaritan bezala, bapo egin arte, alegia.
«Pentsatu baino lehen, sentitu egiten dugu»
Herri Eskolako guraso eta familiek antolatzen dituzten hitzaldien bueltan, Amaia Vazquez psikologoa izan zen eskolan. Besteak beste, haurren garunak nola funtzionatzen duen azaldu zuen, eta ‘pentsatzen dut, beraz, banaiz’ printzipioa, umeen kasuan ‘sufritzen dut, beraz, banaiz’ izaten zela argitu zuen, «pentsatu baino lehenago sentitu egiten» dugulako.