Gazteek hitza, iritzia eta proposamenak elkarrekin partekatu eta ideia horiek udal ordezkariei helarazteko helburuarekin, Nerabeen Kontseilua sortzeko saiakera egingo da bihar, Gaztelekuan; 17:00etan izango da zita.
Biharko saioa aurreneko topaketa izango da, aurreneko iritziak jaso eta guztia egituratzen hasteko.
Gaztelekuko erabiltzaileei eta ez direnei irekia
Kontseilua irekia izango da, Astigarragako 12 eta 18 urte bitarteko nerabe guztiei. Gaztelekuko erabiltzaileen, bertako arduradunen eta udal ordezkarien artean elkar ulertzeko eta denen iritziak jasoko dituzten proposamenak egiteko balioko du, baina bertan parte hartzeko, ez da zertan Gaztelekuko erabiltzailea izan behar.
Funtzionatzeko era, bi norabidetakoa izatea proposatuko da. Batetik, gazteek beraien arteko bilerak egingo dituzte Gaztelekuan, bi hilabetean behin, interesatzen zaizkien gaiak lantzeko, eta era berean, Gaztelekuko programazioan egun bat jarriko dute, ordu eta erdiz, hau guztia lantzeko.
Bestalde, ateratako ondorioak udal ordezkariekin, hau da, udal gazteri teknikari eta zinegotziarekin partekatuko dituzte. Horrela, nerabeek aukera izango dute beraien proposamenak udal ordezkariei helarazteko, eta sortzen diren zalantzak zuzenean erantzuteko.
Gazteen erantzunaren zain
Hau guztia proposamen bat da, eta biharko saioan azalduko zaie gazteei.
Jasotzen den erantzunaren arabera, proposamenak egokitu egin ahal izango da, eta beraz, parte hartzea garrantzitsua izango da.
Asteartean, itxita
Bestalde, Gaztelekuak prestatu du dagoeneko maiatzeko ekintzen agenda ere, eta hurrengo zita, asteazkenean izango da.
Izan ere, asteartea jaieguna izango da, eta beraz, astelehenaz gain, asteartean ere itxita egongo da lokala. Asteazkenean irekiko da.