«Gizarte matriarkaletan, izateak garrantzia gehiago du edukitzeak baino»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 28a, 02:00

Aurtengo Atsolorra ospakizunean, Anna Boyé antropologoa eta fotokazetaria egon zen. Munduan zehar ibilbide oparoa du gizarte eta kultura desberdinen azterketan. Azken hamarkadan gizarte matriarkalen ikerkuntzan dabil buru belarri. Atsolorra ikusi eta horren inguruan irudiak eta testigan­tzak hartu eta ezagutu zituen. Anna Boyek Kronikari bere lanaren inguruko xehetasun batzuk ezagutarazi dizkio. 

«Interes haundia nuen Euskal Herrira hurbiltzeko. Elkarriz­ke­ta batzuk egin nituen eta Atsolorra aipatu zidaten, hau da umeak jaio­tzen direnean komunitatera aurkeztea. Mo­mentu hori partekatzen dute eta gizarte horrek ardura bat hartzen du, zentzu onean, ume horiek babestu eta zaintzeko. Taldeko partaide izatera pasatzen dira haur horiek. Liluratu egin zidan ekitaldiak, garai bateko balio komunal matriarkalaren berreskurapen bat iruditu zi­tzaidan. Gure gizarte hain indibidualistan honelako balio komunalak berreskuratzea zo­ra­garria da. Eta ea bide honetatik, bata bestearen onuran, jarraitzen den eta iraganeko gauza on batek gaur egungo gizartean txerta­tzen den».

Mundu osoko gizarte ma­tri­ar­kalen ikerkuntzan eremu ikerketa, landa-lana egiten du Anna Boyek eta Atsolorrak Peruko talde bat gogorarazi zion. «Cuzcon dagoen Quero herria etorri zitzaidan burura. Elkarrenganako laguntza ha­un­dia dute eta garai batean ema­kumeek bata besteari bisitak egiten zizkioten laguntzeko. Atsolorran bertan gaur egun gertatzen da hori. Gai­nera badaude familiak elkarrenganako laguntza honek funtzionatzen duena. Agian gehiago ezagutarazi edo erakutsi behar zaio jendeari laguntza hori, baina egin egiten da. Ema­kumeen arteko solidaritatea, elkarlaguntza hor dago». 

«Gizarte matriarkaletan izateak garrantzi gehiago du edukitzeak baino» dio Anna Boyek. «Naizena, transmiti­tzen dudana, gauzak zertarako balio duten... berreskuratu daitezken balioak dira eta herri, gizarte edo gune batzuetan oraindik eta gehiago. Hori da Euskal Herriaren kasua eta Atsolorra adibideetako bat». 

«Lurrarekiko eta tradizioekiko errotzea»
«Lurrarekiko errotzea ere beste gakoetako bat da» antropologa kataluniarraren hitzetan. «Eus­kal Herrian Mari duzue eta horrek asko errotzen dizue lurrari. Bueltan etortzen den iragana dago hor. Liluragarria izan da bisita. Orain elkarrizketa eta ezagutu ditudan gauza guztiak ongi aztertu behar ditut».

Anna Boye Munduan barrena ibili da eta gune matriarkalak leku guztietan daudela dio. «Hala ere gune batzutan ez da sortzen gizarte-egitura eta beste batzuetan ordea bai. Ona da iragan hori ezagutzea. Uniber­tsitatean klaseak ematean eta hitzaldietan jendea harrituta geratzen da nolatan aurretik ez dieten gizarte horiei buruz hi­tzegin».

Gizarte hauetan ­bikotearen artean osagarritasun bat ­egotea da garrantzitsuena
Komunitate bakoitza desberdina izaten da. «Txinan eta Afrikan aurkitu nituen eremuak non emakumeek nahi zutena egiten zuten, baina garrantzitsuena osagarri izatea da. Emakumeak erabaki dezake, gizonak erabaki dezake, baina bikotearen artean osagarritasun bat egotea da garran­tzitsuena gizarte hauetan. Gure gizartean esaten da gizona bizkorragoa dela, baina hori asmakuntza bat da, gizarte patriarkalak sortu duena eta gure gaindiko erlijioek sortu dutena. Honekin ez dut esan nahi erlijioak txarrak direnik, erlijio monoteisten muinean ontasun haundiak daude. Elizako hierarkiak sortu du irudi hori». 

«Garai batean emakume eta seme-alaben bizitza eta irudia lurrarekin, uztarekin zegoen lotuta eta gaur egun dirudi hori desagertu egin dela. Eta ez, itzuli behar dugu bizitzako gauza arruntetara».

«Emakumea eta gizona ­eskutik doaz, ez dute ­emakumeek agintzen»
Askotan egiten dizkidaten galderak esaldi honekin hasten dira ‘emakumeek agintzen du­ten gizarteetan’ eta ez da hori. Gizona eta emakumea eskutik doaz gizarte hauetan, osagarriak dira. Garrantzitsua da izatea eta balore horiek berreskuratu behar ditugu. Euskal Herrian hori somatu dut eta maitatua eta estimatua sentitu naiz egon naizen taldeetan. Eta gune horietan horrela funtzionatzen zuten. Indar sakon bat dago eta berreskuratu eta garatu daitezke balio on guztiak bakoitza bere etxetik hasita. Etxea baita espazio politikoa». 

Euskal Herria matriarkatu bat dela edo zela esan izan da. Egia ala mitoa? «Egin ditudan iker­kuntza lanetan oinarrituta esan dezaket argi eta garbi jatorri matriarkala duela. Beste gizarte askotan ere jatorri hau dute eta Euskal Herriaren ka­su­an elementu hauek beste gizarte matriarkatu batzuekin bat datozelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!