600 astigartarren bila, giza katean kilometro eta erdi egiteko

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 28a, 02:00

Gure Esku Dagok erronka berri bat jarri du aurten: Eman eskua etorkizunari lelopean, giza katea egingo du ekainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko.
Erronka hori lortzeko, gu­txienez 100.000 lagun beharko direla aurreikusi da, eta he­rriz herri zenbat beharko di­ren kalkulatu da: Astigarra­gan, 600 lagun inguru. Ize­ne­matea irekita dago.

Izena emateko mahaietan, zapi eta autobusa
Hain zuzen, aste honetan bertan hasi dira izena emateko mahaiak jartzen. Ostegu­ne­tan, 18:00etatik 20:00etara jarriko dira, eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara; aste batean Joseba Barandiaran plazan, eta bestean, Kontxa Etxeberria plazan.
Izena ematerakoan, 5 euroren truke lepoko zapia emango zaio bakoitzari, giza katean lepoan jantzita eramateko eskatuko dena.
Astigartarrek kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute, Usurbildik Aginarako bidean. Bertara joateko autobusak ere antolatu dira, Astigarragatik Aginara joateko, eta izena emateko mo­men­tuan eskatu ahal izango da lekua gordetzeko, 7 euroren truke.

Erabakitzeko eskubidea, aldarri
Aurtengo erronka berri honekin, Gure Esku Dagok oinarri dituen hiru printzipioak gogorarazi nahi ditu: «herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron gaia da».
Era berean, lanerako prest dagoena gonbidatu dute, ha­rremanetan jartzeko, email berri honen bitartez: gi­za­ka­tea.astigarraga@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!