«Bigarren aldiz, epaitegiek arrazoia eman digute; zuzen genbiltzan»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 27a, 02:00

Euskadiko Auzitegi Nagusiak San Markos Mankomuni­tate­a­ren 2016ko aurrekontuak baliogabetu dituela-eta, azal­pe­nak emateko prentsaurrekoa eman zuten asteartean, Luis Intxaus­pe Hernaniko al­ka­teak, Xabier Arregi Usur­bil­go alkateak, eta Eneritz Ar­be­laitz Oiartzungo alkateordeak.

Erabakiak erantzuten dio hiru Udal hauek jarritako helegiteari, eta San Markos Man­ko­munitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera.

Europako erabakiekin bat
Intxauspek azaldu zuenez, «ez da lehen aldia gisa honetako epai bat jasotzen duguna. (...) Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak baliogabetu zituen. Bigarren aldiz, epaitegiek arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan».

Azaldu zuten 2009tik datorrela kontua. Orduan hasi ziren San Markos Manko­mu­ni­tateko hainbat herri gaikako bilketa selektiboa egiten, baina «Uda­lek mankomunitateari egin be­harreko ekarpena ez zen egokitu errealitate horretara». Hori horrela, eta «horrek gehien birziklatzen genuen udalerri eta herritarrok kalte­tzen zituelako», 2014ko aurrekontuak errekurritu zituzten, eta gauza bera gertatu zen 2015 eta 2016an ere, «EAJ eta PSE-EEko ordezkarien entzungor egiten jarraitzen ziotelako sistema justuago bat martxan jartzeari».

Hiru Udalen ustez, «honda­ki­nak modu jasangarrian ku­de­atu nahi badira, ezinbestekoa da ondo egiten ari dena saritzea, eta gaizki ari direnak zigortzea, baina kontrakoa gertatzen da». Gaineratu zuten, Europatik datozen arauek ere iritzi hori berresten dutela «Lehengo astean bertan Euro­pako Parlamentuak birzikl­atzea sustatzeko eta zabortegiak nahiz erraustegiak gutxi­tzeko erabaki sorta hartu zuen (...). 2015erako hiri-hondakinen %55 birziklatu egin beharko da, eta 2035erako, %65. Halaber, 2035reako hondakinen %10 baino ezingo da isuri zabortegietara».

Elkarrizketarako prest
Hiru Udalek «aspalditik %80 inguruko bilketa selektibo tasak» dituztela aldarrikatu zuten. 2018ko aurrekontuetan «aldaketa txikiren bat» izan bada ere, nahikoa ez dela iritzi zioten, baina epaitegietara joan aurretik, elkarrizketarako prest daudela adierazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!