Jardunaldi berezia antolatu du Atawafok elkarteak asteburu honetarako; gaur, hitzaldia izango da, delinkuentzia eta etorkinen artean egiten den loturaren inguruan; eta Marokoko jaki dastaketa egingo da, igandean.
Integrazioa, bazterketa eta delinkuentzia, hizpide
Delinkuentzia etorkinen artean izango du ardatz gaurko hitzaldiak. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Biterin, unibertsitateko irakasle eta psikologian doktore den Hithem Abdulhalim ariko da hizketan, delinkuentzia eta etorkin, bereziki gazteen, arteko harremanaz.
Era berean, aipatuko ditu etorkin gazte eta hauen gurasoen hezkuntza maila, jatorrizko herrietan utzi zuten eta hemen jaso duten kultur eredu desberdinen artean izaten den talka, integrazio maila, eta sumatzen duten bazterketa edo diskriminazioa.
Azkenik, arazo hauek gutxitu edo murrizteko, hainbat proposamen aipatuko ditu, «denon arteko elkarrizketa eta bizikidetza errazteko».
Musika eta jakiak, Marokotik
Gaurko hitzaldian aipatuko diren gaiei tiraka, guztia borobiltzeko, festa giroko beste bi ekitaldi antolatu dituzte iganderako.
Atsegindegin jarri dute zita, eguerdiko ordubietan, eta gonbidapena luzatu diete herritar guztiei, bertan parte hartzera. Aukera izango da Marokoko jakiak ezagutu eta dastatzeko, eta baita Issawa musika taldearen emanaldiaz gozatzeko ere, kulturen arteko trukea sustatzeko.