2019ra begira jarri da Udala, beste behin, eta horrela, herenegun aurkeztu zuten datorren urteari dagokion Hernani Erabaki aurrekontu partehartzaileen prozesua. Bosgarrena izango da, eta oraingo honetan ere, 500.000 euro jarriko dituzte herritarren esku.
Aurtengo prozesua aurkezteko, beste urte batez prentsaurrekoa eskaini zuten Maitane Barrenetxeak, Aztiker Soziologia Ikerguneko teknikariak, eta Talde Eragileko parte hartzaileak; azken hauek aurten dira Santa Barbara eta Kaxkoko bizilagun bana, Irristaketa taldeko beste bat, Hezkuntza Plataformako eta AMHEReko kideak, eta norbanakoak.
«Partehartzea haunditzea», helburu
Haiek azaldu zituzten prozesuaren nondik norakoak: «aurtengo erronka nagusia izango da partehartzea haunditzea».
Horretarako, proposamenak egiteko aurreneko fase honetan auzoetan egiten diren bileretara, gune bat gehitu da: «aurreko urteetan zortzi auzo ziren, eta aurten, bederatzi izango dira. Antziola ere gehitu dugu».
Bestalde, bi saio berezi egingo dira: bata, gazteei zuzendutakoa; eta bestea, beste jatorri batzuetako hernaniarrekin. Izan ere, herenegun azaldutakoaren arabera, «ez dituzte hainbeste proposamen egiten».
Ohiko zortzi auzoei bat gehituko zaie; Antziolan egingo dute bilera, aurrenekoz.
Proposamenak, maiatzaren 16ra arte
Dena den, bilerez aparte ere, ohi bezala egin ahal izango dira proposamenak, maiatzaren 16ra arte: webgunearen bidez, erabaki.hernani.eus-en, edo postontzietan, etxeetara bidaliko diren diptikoak betez. Maiatzaren 16ra arte izango da aukera proposamenak egiteko.
Proposamenen inguruan, Talde Eragileak eskaera bat luzatu zuen: «guretzat garrantzitsua da herritarrek proposamenak egitean, arrazoiak zehaztea, denok gauza bera ulertu dezagun».
Horrez gain, gogorarazi zuten herritar bakoitzak hamar proposamen egin ditzakeela gehienez, eta aurtengo aurrekontuaren gehiengoa 125.000 eurokoa dela, hau da, proposamen bakoitzaren aurrekontuak ezin du diru kopuru hori gainditu.
Herriko ikasleek, Agenda 21ean
Beste berrikuntza bat ere izango da: «8 eta 15 urte bitarteko herriko ikasleek Agenda 21aren bidez landuko dute gaia, eta egingo dituzte proposamenak».
AURRENEKO FASEA: BILERA IREKIAK
GAUR, 19:30: Zikuñagan.
ETZI, 20:00: Latsunbeberrin.
MAIATZAK 2, 19:00: Portun.
MAIATZAK 3, 19:30: Lizeagan.
MAIATZAK 7, 19:00: Etxeberri-Florida.
MAIATZAK 9, 19:00: Karabel.
MAIATZAK 10, 19:00: Antziola.
MAIATZAK 14, 19:00: Kaxko.
MAIATZAK 16, 19:00: Sorgintxulo.