Usurbilgo Lanbide Eskolan izango dira aurten Instalakuntza Elektrikoko Olinpiadak, eta bertan izango da Lanbide Heziketako Hodei Aguilar ikaslea, Hernaniko eskola ordezkatzen. Apirilaren 19an jokatuko da, 09:00etatik 14:00etara, eta dagoeneko probak prestatzeko lanean ari dira bai Aguilar bera, baita Eskola ere.
Errenteriako gazte honek, mantentze-lan elektromekanikoaren erdi-mailako zikloa dauka, eta goi-mailako sistema elektroteknikoko zikloko praktikak burutzen ari da.
Bi proba
Datorren ostegunean egingo duten Olinpiadetan bi proba egin beharko ditu Hodei Aguilar errenteriarrak: aurrenekoan, etxebizitzetako instalazioaren zati bat osatu beharko du; eta bigarrenean, aldiz, automatismo-koadro bat, hau da, instalazio industrial bat.
Eta horretarako ari da lanean, duela aste batzuk: «horretarako Hernaniko Lanbide Heziketako tutore batekin lanean aritu da, baina ostegunean bakarrik jarriko da panelen aurrean, tutoreak ezin baitu ezertan lagundu», azaldu dute Lanbide Heziketako arduradunek.
Ikaslearentzat eta eskolarentzat, erronka
Erronka honi aurre egiteko gogoz agertu da Aguilar bera: «esperientzia berri hau ezagutzeko gogo haundia daukat, gauza onak ikasi eta lagunak egiteko. Nahiz eta urduri egon, ondo pasatzea du lehentasuna, eta irabazten badugu, ba... hobe!».
Era berean, garrantzitsua da Lanbide Heziketa eskolarako: «berarentzako erronka da, baina baita ikastetxearentzat ere. Azken finean, ikastetxeen arteko lehia sanoa da», argitu dute irakasleek.
Sei ikastetxe, lehian
Hain zuzen, sei ikastetxek hartuko dute parte ostegunean Usurbilgo Lanbide Heziketako Eskolan egingo duten lehiaketan. Bakoitzak bere ordezkaritza eramango du, Hernaniko Lanbide Eskolak Hodei Aguilarrekin egingo duen bezala.
Ordezkaria hautatzeko, ikasle guztiei eman zieten aukera, baina «Hodeiek gogo haundia zeukala ikusita, bere kideek bera joatea erabaki zuten».