Hizkuntza gutxituen altxorrak, kontzertu bateratuan

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 23a, 18:35

Kultura hizkuntza gutxituetako hiztunez osatuta dago Tosta Banda, eta herrialde bakoitzeko musika tradizio aberatsak jartzen dituzte amankomunean. Eskozia, Galizia, Frisia, Irlanda, Galese, Kornualles eta Euskal Herriko musikariek egin dute bat proiektuan, eta kontzertua emango dute larunbat honetan, hilak 28, 20:00etan hasita Donostiako Kursaalen.

Proiektuan parte hartu duten kide guztiak ibilbide ezaguneko musikariak dira haien herrialdeetan; haien artean daude Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente, Mikel Ugarte, Iñigo Egia eta Mixel Ducau musika zuzendari gisa. Eta hernaniarren artean ezaguna denik ere ez da faltako; kontzertuan parte hartuko baitu, txalapartan eta ahotsean, Ixiar Jauregi herritarrak.

Musikariekin batera Kornualleseko Dalla taldeko Bec Applebee dantzari zelta eta Kukai Dantza Konpainiako bi dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean. 

Txikiak izanik ere, «elkarrekin sumendia»

Ontziaren bankada esan nahi du Tosta izenak, Europako Atlantikoko kostaldeko hizkuntza gutxitu askotan aurkitu daiteke. Elkarlanean eta fusioan oinarrituta, lehen aldiz elkartuko dira kultura horietako instrumentu, erritmo, kantu, estilo eta dantzak. Herrialde bakoitzeko kantak modu gaurkotuan berrasmatu eta berrinterpretatuko dituzte, eta Kukairen euskal dantza garaikidea eta kultura zeltako dantzak gehituko zaizkie abestiei.

Sarrerak salgai, aurretik eta bertan

Emanaldiarekin gozatzeko sarrerak salgai daude dagoeneko, 21 euroan, Kursaaleko webgunean. Bestalde, 30 urtetik beherakoek 3 eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak, geratuko balira, emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago, Kursaaleko lehiatilan bertan; baita langabetuek ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!