Martxoan, aurreneko igandean jokatu zen XX. Rallysprint Gabiria-Legazpi lasterketa, eta bertan hartu zuen parte Jon Zozaia goizuetarrak, Mattin Villaresekin batean. Kopilotoa da goizuetarra, eta pilotoa, Villares. Renault Clio Maxi kotxearekin egin zuten rallya, eta bigarren egin zuten.
74 kotxeren artean, bigarrena
Proba goizeko 09:00etan hasi zen, Legazpiko Euskadi Plazan, kotxeak egiaztatzen, eta 15:00etan abiatu zen 1 zenbakidun dortsala. Guztira, 74 bikotek hartu zuten parte, eta, tartean, Jon Zozaia goizuetarrak eta Mattin Villaresek.
Lehia bizia izan zen, bereziki, podiumeko bigarren eta hirugarren postuetarako. 6,6 kilometrotako ibilbidea egiten onenak eta azkarrenak, dezenteko diferentziarekin, Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia izan ziren, Mitsubishi EVO IXarekin, eta Zozaia eta Villares borrokan aritu ziren Jaio eta Urkidi eta Casáis eta Goikoetxearekin. Nafarrek lortu zuten bigarren postua, azkenean, eta Casáis eta Goikoetxeak hirugarrena.