«Txosnak arrisku larrian daude, Udalak nahi du denak fusionatu eta karpa bakarra osatzea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 7a, 02:00

Santio jaiei begira, txosnak «arrisku larrian» daudela adi­e­razi du Astigarragako Gazte Asanbladak, bere Facebookeko orrialdean argitaratu duen ohar baten bitartez.

Izan ere, jakinarazi du bi bilera egin dituela Astigarra­gako Udal Gobernuarekin, eta jasotako proposamenarekin ez daudela ados: «Udalak erabaki du, txosnak fusionatzea, alegia, herriko talde eragile desberdinekin elkartu eta Santio jaietarako karpa bakar bat osa­tzea. Horren aurrean, eta hainbat hausnarketa egin on­doren, gure erantzuna ezezkoa izan da, Asanbladak urteetan zehar sortu eta antolatu duen gunearekin haustea izango li­tzatekeelako», adierazi du.

«Herriarekin adostu gabeko erabakia hartu du Udalak»

Zentzu horretan, Gazte Asan­bladak azaldu duenez, «Udalak hartutako erabakia ez da herri mailan zabaldu, ezta fusioan parte hartzea nahi duten he­rri­ko beste eragileekin partekatu ere. Beraz, beste behin, herriarekin adostu gabe hartutako erabakia izan da». Eta gaineratu dute, proposamen horren aurrean Gazte Asanbladak egin­dako galderek ez zutela «eran­tzunik jaso, ez baitago inongo antolamendurik pentsatuta: helburua, kudeaketa, jarduerak, antolaketa, funtzionamendua, ordutegiak... Eta gure ezezkoa eman ondoren, Udalaren aldetik ez dugu negoziaziorako as­morik jaso», azaldu dute.

Bilera informatibo irekia, datorren igandean

Horregatik, bilera informatibo ireki batera deia luzatu diete, astigartar guztiei, «egoera sa­konago azaltzeko». Datorren igandean izango da, apirilaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan kultur etxeko areto nagusian: «EAJren kudeaketa txarra agerian geratu da berriro, eta ho­rren aurrean, herritarrak garen neurrian gure eremua errespetatzeko gogor egin behar du­gu aurrera», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!