Aritz Zubiri goizuetarra izan zen nagusi, Urumea bailarako lehian, Sagardoaren Txapelketaren barruan. Utergarekin, Altzueta sagardotegiaren izenean, 40-33 irabazi zuen semifinala, Endika Barrenetxea hernaniarraren eta Segurolaren kontra (Oialume-Zar).
Goizuetarra izan zen partiduko protagonista nagusia, gainera. Ez zuen akats bat bera ere egin, bost tanto sakez eta beste zazpi jokoan; eta horri esker lortu zuten garaipena. Ederki aritu zen Barrenetxea ere, guztira 18 tanto eginda, bost akatsekin; baina Segurola bere mailatik behera aritu zen, ezinean.
Hori horrela, Altzuetako bikotea ariko da final haundian, datorren larunbatean; eta aurrean, Gurutzeta sagardotegikoa izango du: Urriza eta Garces. Ederki kostata, hala ere. Juaneneak eta Endikak (Larre Gain) izan zuten partiduaren kontrola, 21-27 jartzeraino; baina 10-0eko partzial batekin, erabat aldatu zuten partidua, Urrizak eta Garcesek. Azkenean, 40-34 irabazi zuten, eta 24 tanto eginda bukatu zuen Urrizak, hasieran jokoan sartu ezinda aritu arren.