Ekintzaz betetako astea antolatu du Hernani Errotzen elkarteak, bihar hasi eta ostiralera bitarte: Errotzen hAstea.
Lau egun horietan, erakusketa jarriko dute Biterin: Euskal Herriko frontoiak. Hernani 1873-1876. Goizez zein arratsaldez egongo da ikusteko aukera. Goizetan, 10:00etatik 12:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
Eta gai horri buruz, Euskal Herriko frontoiei buruz, hitzaldia eskainiko du, asteazkenean, Iñigo Uriarte arkitektoak: El ágora vasco-navarro. Biteri kultur etxean bertan izango da hori ere, 19:30etan hasita. Solaserako tartea ere egingo dute, bertaratuekin.
Bakarrizketa ilustratua ostegunean, Urmenetarekin
Eta ostegunean, azkenik, bakarrizketa ilustratua izango da, Asisko Urmeneta ilustratzailearen eskutik: Eusklabo alaiak. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Biterin. Hainbat ustelkeria kuestionatuko ditu Urmenetak, «umorea, marrazkia eta duda metodikoa lagun», aurreratu dutenez. Izenburu bereko nobela ilustratua kaleratu zuen Urmenetak, 2017an.