Erdiguneko aparkalekuen ordenantza aldatu egin da Udaleko talde guztien, Berriak elkarteko merkatari eta ostalarien, eta bizilagun elkarteen artean egindako prozesuan lortutako «kontsentsua» medio. Horren harira, margoketa lanekin dihardu Udalak egunotan. Hori dela eta, erdigunean izango diren aldaketak azaltzeko eskaini zuten prentsaurrekoa atzo Luis Intxauspe alkateak, eta Mertxe Jimenez Berriak elkarteko ordezkariak.
Bi gune: erresidenteena, gorria; errotatiboa, urdina
Egun bezalaxe, bi gune izango dira: bata, urdina, errotatiboa (gehienez ordu eta erdiz egon ahal izango da); bestea, gorria, erresidenteena.
Hortaz, aldaketa nabarmenena Atzietasen izango da: kalea bitan banatuko dute, eta Musika Eskolatik behera, eskubiko aldea errotatiboa izango da, eta ezkerrekoa, aldiz, bertakoena. Ordutegia, orain arte bezala, 08:00etatik 20:00etara.
Bestalde, Izpizua eta Nafar kalean bertakoen zonaldea desagertu egingo da, eta bi kaleak errotatiboak izatera pasako dira. Bertan, ordutegia berezia izango da: 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Elkano kalean ere aldaketak izango dira. Eskubiko aldea, Irigoien zapatadendaren ondokoa, bertakoentzat izango da, hau da, gorria. Ezkerraldea, aldiz, errotatiboa izango da.
Txirrita kalean gauza bera gertatuko da: eskubiko aldea errotatiboa izango da; ezkerrekoa, aldiz, bertakoena.
Orain bezala geratuko dira Biteri kalea, erresidenteentzako; eta anbulategiko bi kaleak, errotatiboak ordubetez.
Plazan, ordea, orduerdiz aparkatu ahal izango da, betiere, bi aldeetara, inoiz ez erdian.
Printzipioz, maiatza aldera jarriko dute martxan, baina nahi dutena da «herritarrak ohitzen joatea». Hori dela eta, prozesua pixkanaka egingo dute, eta dena prest dagoenean emango dute hurrengo pausuen berri.
«Emaitzarekin pozik»
«Betidanik gai eztabaidatsua izan da», adierazi zuen Mertxe Jimenezek. Eta positiboki baloratu zuen akordiorako irekitako bidea: «emaitzarekin pozik gaude, baina ikusi egin beharko da nola funtzionatzen duen».
Dena den, diote: «guk jarraituko dugu aparkalekua eskatzen, izan ere, gure ustez herri honek arazo larria dauka horrekin».
«TAOa baztertuta dago»
Luis Intxauspe alkateak nabarmendu zuen «akordioaren emaitza» dela ordenantza, eta proposamen berriak ere aztertu egingo dituztela. Era berean, argi utzi zuen: «TAOa baztertuta dago».
Atzietasen eta Izpizuan, hurrengo margoketak
Gaur izango dira Atzietasen, eta bihar, Izpizuan, 09:00etan hasiko dira lanak.
Aparkalekuen ordenantza berriari jarraituz, erdiguneko kaleetan margoketa lanak egiten ari da Udala. Gaur eta bihar izango dira, hain zuzen, datozen lanak. Gaur Atzietaseko lurrak margotuko dituzte, eta bihar, aldiz, Izpizua kalekoak.
Bietan, lanak goizeko 09:00etan hasiko dira, eta margoketa lanak bukatu bezain laster erabili ahal izango dira aparkalekuak.