Nahiz eta argia ikusten bigarrena izan, idatzitako aurreneko eleberria du Maixa Zugastik Ahotsak eta itzalak, ostegunean Donostian aurkeztu zuena. «Duela 18 urte hasi nintzen istorio hau idazten, nire seme zaharrena barruan nuela, eta hamar urtez aritu nintzen sortzen», azaldu zuen Zugastik.
Horregatik, hain zuzen, dio «ilusioa» egiten diola argitaratuta ikusteak, «nire semeekin hazi» baita.
Erbestea, Aita Barandiaranen dokumentuei esker
Ahotsak eta itzalak fikziozko eleberria dela argi utzi du, baina baduela errealitatearekin lotura txiki bat. Izan ere, dokumentazio lana oso garrantzitsua izan da kasu honetan: «Aita Barandiaranek jasotako 136 txosten, erbesteratuen lekukotasun zuzen eta gordinak, erabakigarriak izan dira».
Hala sortu du, hain zuzen, Luis, Arturo eta beren aitaren istorioa. Hirurak Gerrate Zibilak Euskal Herrian eztanda egin baino lehen erbesteratu ziren. Baina han Sarzinako egoitza diplomatiko batean biziko dira hilabete batzuetan, bat-batean sarraski bat gertatu arte. Ondoren, urteak pasatzean, Luisek gertatutakoa ikertuko du; bere emazte Teresak osatuko du egia osoa, eta senarrari ezkutatu egingo dio.
Istorioa osatzerakoan izandako garrantziaren islada, bigarren mailako pertsonaia batek Joxe Migel Barandiarani omenalditxoa egingo dio; hori izango da Aita Basarte.
Egungo egoerarekin, antzekotasuna
Zugasti egilearen ustez, gaurkotasuna daukan gaia da liburuak lantzen duena. Alde batetik, garrantzia dauka «memoria historikoaren eraikuntzan, gizarte guztiarentzat eta bereziki, gazteentzat, oso garrantzitsua delako gure egiaren ezagutza». Eta bestetik, gaur egun ere erbesteratzea pil-pilean dagoelako: «ACNURen datuen arabera, gaur egun munduan 65,3 milioi pertsonek utzi dute herria horrelako arrazoiak direla medio». Egoera hori, «lotsagarria» dela dio Zugastik, eta horren aurrean, «kezkatu» egiten duela, gazteak nola informatzen diren.
Hiru aldiz berridatzita
«Heldutasun haundiko eleberria da, xehetasunetan arreta haundia eskaintzen duena», adierazi zuen Inazio Mujika, Erein argitaletxeko editoreak. Eta hori lortzeko, lan-prozesu luzea egin behar izan zuela onartu du Zugastik: «Urte asko igaro ditut testua lantzen, zuzentzen, eta hiru aldiz laburtu dut. Ez dut inoiz ondo ikusten, eta beti aldatuko nuke zerbait. Nik perfekzioa besteengan ikusten dut».