Bi zita jarri ditu Umore Ona elkarteak, apirileko azkeneko astebururako. Apirilaren 27an, ostiralean, Etxeberria sagardotegira joanen dira, bertako sagardoa probatu eta afari bat egitera. Iluntzeko 20:30etan jarri dute zita, sagardotegian bertan, baina izena eman behar da. Horretarako, elkartean bertan eta Goizuetako tabernetan daude zerrendak, eta azkeneko egunera arte izanen da aukera, apuntatzeko.
Bigarren zita, berriz, hurrengo egunean jarri dute, apirilaren 28an, larunbatarekin. Eta horretan, txakolina izanen da protagonista. Izan ere, txakolin dastaketa antolatu dute, Umore Ona elkartean bertan. Eguerdiko 12:30etan hasiko da, eta bost upategitako txakolina dastatzeko aukera izanen dute, bertaratuek.
Parte hartu nahi duenak, elkartean eta herriko tabernetan dauzka apuntatzeko zerrendak, eta apirilaren 25era arte dauka aukera. 10 euro izanen dira, eta prezioan sartzen da txakolina eta hamaiketakoa.