Iritsi da apustu eguna Hernanira. Roxario Pikabea hernaniarra eta Jon Arizmendi andoaindarra ariko dira gaur nor baino nor, Jauregi Jatetxean 18:00etan. Aizkoran lau enbor pago 45 ontzakoak eta bi enbor kanaerdiko ebaki, eta ondoren zazpi kilometro korrika, nork azkarrago burutu jokatuko dute. Hernaniarrak 55 urte ditu, aurkariak baino 25 urte gehiago. Arizmendi mutil sendoa da eta aurretik eginak ditu desafio eta erakustaldiak ere bai.
Korrika parkinaren bueltan, eraztunean egin beharko dute, erlojuaren orratzen kontrako eran eta 100 metroko eraztunari 70 buelta eman beharko dizkiote. Kirolari bakoitzak bi laguntzaile eramango ditu, modalitate bietan berdinak izango dira. Alde bakoitzak 400 euro jarri zituen apustua itxi zuten egunean bertan, martxoaren 6an.
Gipuzkoako Federazioak egingo ditu epaile lanak eta antidopin kontrola egongo da
Nahiz eta herri kirolak afizio bezela egin eta apustua nahiko herrikoia zian oso serio antolatu dute dema. Gipuzkoako Federazioa ariko da epile lanetan eta apustu haundietan egoten den antolakuntza maila egongo da.
Aizkoran enborrak etzanda jarriko dira eta enborrak Fausto Mugertzak eramango ditu. «Peñagarikanori menditik ez omen diote oraindik egurra atera eta Mugertza izango da ekarriko dituena» dio Roxario Pikabeak. Larunbata horretan eguerdiko 12:00etan hiltzatuko dituzte aizkolariek.
Apustua amaitzen denean dopinaren kontrola pasatuko zaie eta norbaitek positibo emango balu apustuko galtzaile izango litzateke. Biek positibo emango balute ez legoke garailerik. Sarreran bildutako dirua erdibana banatuko dute.
«Ez dut gozatu entrenatzen»
Roxario Pikabeak prestakuntza lanetan arazotxo batzuk izan ditu. «Katarro indartsu bat gainetik kendu ezinik ibili naiz, baina hori pasa gendun». Hala ere arazorik haundienak enborrak bilatzeko garaian eduki ditu. «Urte xelebrea izan da egurrekin. Ezin lortu ibili gara. Mendin oso negu gogorra izan da eta ezin atera jardun gara. Bati eta besteari eskatu eta ezin lortu. Harrapatu ditudan piñu eta platano zahar eta zikin batzukin aritu naiz entrenatzen. Egia esan ez dut gozatu, entrenamenduak egin ditut, baina erosotasunik gabe. Enbor txarrak moztu ditut, egur gogorrekin».
Gaurko apustuan aizkora bakarrik ez, korrika ere egin beharko dute eta horretarako ere prestatu da Roxario. «Korrika ere entrenatu dut. Aizkoran saio batzuk eta gero korrika egin ditut entrenamenduak. Korrika bakarrik ere bai. Urte batzutan utzita eduki dut eta berreskuratu beharra nuen ohitura».
Laguntzaile bezela bi oiartzuar izango ditu alboan. «Joxe Mari Telletxea eta Joxe arbelaitz dira. Biak aizkolariak izandakoak».
Jon Arizmendiren jardunaren berririk ez du hernaniarrak. «Ez dut ideiarik ere nola jarduten den. Gustora jakin nahi nuke, baina galdetuta egia den ala ez ere nork daki».
Gaur jakingo da horren berri eta Pikabeak dio «inongo erreferentziarik ez dut. Behin ikusi nuen aizkoran eta ordundik gehiago ez. Nik uste bera ere prestatu dela ongi egoteko».
«Jon Arizmendiren inongo erreferentziarik gabe nago. Gustora jakingo nuke nola aritzen den, baina behin ikusi nuen aizkoran» dio Roxario Pikabeak.
Jon Arizmendi Otaegitarrekin hasi zen eta laguntzaile bezala datoz
Jon Arizmendik 30 urte ditu eta andoaindarra da. Herriko festetan aritu da aizkoran, baina oraindik ez txapelketa batean ez eta apustuan ere. Hala ere intentzioa badu etorkizun hurbilean jarraitzeko. «Joseba Otaegi aizkolaria nire lankidea izan zen eta aizkoran berarekin hasi nintzen».
Jonen lehendabiziko plaza elkarrekin egin zuten. «Berak zortzi kanaerdiko moztu behar zituen eta nik bakarra. Zortziak aurretik bota zituen eta gero laguntzera etorri zitzaidan. 35 minutu behar izan nituen lehenengo enbor hura mozten. Ordundik aizkoran jarraitu nuen eta pasa den urtean Josebaren anaia den Unairekin egin genuen erakustaldia. Karmengo jaietan, Donostiako Portuan ere mozten aritu nintzen. Orain aizkora eta herramientak baditut eta gustora nabil aizkoran».
Otaegi anaiak izango ditu gaur laguntzaile Jauregin. «Unai eta Joseba egongo dira nire alboan». Jon Arizmendik beldur gehien korrika saioari dio «eskuin belaunean arazo bat eduki dut eta ez nau utzi behar bezela edo nahi nuen bezela prestakuntza eramaten. Arantzatxo hori geratu zait. Hala ere prestakuntza luzea izan da eta eguna iristeko gogoarekin nago. Ongi nago fisikoki. Lehertzeko gogoa dut, eguna iristea eta daukadan dena emateko».
Bi kirolariek edukiko duten beste aurkaria beroa eta eguzkia dira. «Beroa ez dut lagun» dio Arizmendik. Gainera Jauregiko eremuan eguzkiak indartsu jotzen du.
Hori bai girorik ez da faltako. «Nire lehendabiziko apustua da eta Andoaindik jende asko dator. Lagun ugari etorriko da eta herrian giroa somatzen da».
Behin aizkorari helduta ez du uzterik pentsatzen. «Entrenamentu gehienak aizkoran egin ditut eta apustua eta gero jarraitzeko asmoa dut».
Orain ia zortzi urte jokatu zen azken apustua Jauregin
2010ean Mitxelena eta Goenagak, Schmit eta Heinz alemaniarrak garaitu zituzten, ordubeteko lanean, sega desafioan.
Badira urte batzuk Jauregin apusturik jokatu gabe. Azkenekoa 2010eko abuztuaren 28an jokatu zuten Bixente Mitxelena eta Jexux Mari Goenagak euskaldunak Alexander Schmit eta Stefan Heinz alemaniarren aurka. Bakoitza orduerdin aritu zen eta bikote bakoitzaren belar pisu batuketaren ondoren euskaldunek 2.053,5 kilo ebaki zituzten eta alemaniarrek berriz 1.850,5 kilo. 6.000 euro jokatu zituzten eta 300 bat pertsona bildu ziren.
Erasun-Aranalde, Mitxelena-’Urki’ren kontra
Aurretik ere mende honetan beste apustua jokatu zen, hau ere segan, Jauregin. Euskal Herriko lau segalari onenetariakoak, hoberenak ez esatearren binaka lehiatu ziren. 2005eko irailean Juan Manuel Erasun eta Mikel Aranaldek Bixente Mitxelena eta Jexux Mari Ormaetxea ‘Urki’ garaitu zituzten. Txanda librean irabazleek 5.193 kilo ebaki zituzten eta galtzaileek, 5.126,5 kilo.Segan eta aizkoran, 1987an
Binakako apustuak badute ibilbidea Jauregin. 1987an Joxe Aierbe eta Joxe Mari Mendizabal, Jose Ignacio Orbegozo Arria II eta Joxe Etxebesteren aurka aritu ziren hamar 60 ontzako mozten eta ordu bete eta 10 minutu bete arte segan. Aierbe eta Mendizabalek eraman zituzten jokoan zeuden 300 mila pezeta 6.114 kilorekin eta 95 kiloko aldearekin. Ez omen zen jende asko hurbildu.
Herri mailako ‘Kronika Sega Apustua’ antolatu zen 2001ean
Martindegiko ‘Larra’k irabazi zuen, Kronika, Osiñaga eta Porturen aurretik
Kronikak ere bere apustua antolatu zuen 2001ean. Martindegiko San Fermin jaien barruan, sega apustu berezi bat jokatu zen. Lehenengo herri mailako Kronika Sega Txapelketa izan zena. Bertan, Hernaniko hiru auzoetako ordezkariak, Portu, Martindegi eta Osiñaga eta kronikako ordezkaritzak neurtu zituzten indarrak.
Portuko ordezkaria Axier Elizondo izan zen. Martindegikoa Larra. Osiñaga bailaratik bikotea aritu zen; Joxe Salaberria eta Kontxi Zubiondo eta Kronikatik ere bikotea atera zen; Jexux Mari Irazu eta Oxan.
Bikoteak txanda librean aritu ziren belar mozten eta Axier eta Larra aldiz bakarka. Orduerdiko lana egin zuten, saila nork azkarrago moztu. Talde bakoitzak bere harraiztailarekin. Apustua Martindegin jokatu zen, Txalakalde kanpan eta sarrera ere bazegoen, 500 pezetatan. Garailea Martindegiko Larra izan zen.