Ia 5 milioiko gerakina, 2017ko likidazioan

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 21a, 02:00

Udaberriarekin batera, Uda­le­ko egunerokotasunaren ba­rru­an sartu ohi da urtero au­rreko urteko ekitaldia, eta hala jakinarazten dute likidazioaren zenbatekoa. Besteak beste, horretarako deitu zuen Astiga­rragako Udalak ez-ohiko Ple­noa astearterako.

2017ko ekitaldia ixtea izan zen landu zuten aurreneko gaia; horren arabera, ia 5 milioiko gerakina izan du As­tigarragako Udalak, eta hortik, 3.187.449,13 euro txertatzea kreditu gehigarri bezala, inber­tsioetarako, eta 1.351.791,96 euro gastuetarako, kreditu aldaketaren bidez.

Kezkatuta jaso zuen kopurua EH Bilduk, bertan adierazitakoaren arabera: «inbertsioen %38a besterik ez da gauzatu, 2004tik, herri honek izan duen kopuru baxuena da», adierazi zuen Andoni Gartzia bozeramaileak. 

Jon Arregi Ogasun zinego­tziak esan zion ulertzen duela kritika, «eta datozenetan gertatu ez dadin, neurriak hartuko ditugu».

15 egun, inbertsioen emendakinetarako
Inbertsioetarako proposamena egin du Udal gobernuak, eta ha­­sierako onarpena eman zion Plenoak, EAJren eta PSE-EEren aldeko zazpi botoekin. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen, eta «hitz egiteko prest» azaldu zen. Izan ere, akordioetarako, eta pro­posamen horri emendakinak aurkezteko, ha­ma­bost eguneko epea izango da. 

Proposamen horretan, Zori­one Etxezarraga alkatearen esanetan, «hezkuntzaren gaia aipatu behar da: Haur Esko­la­ren lokala erostea dago, jangela haunditzeko partida, edo eskolaren mantenua egiteko...». Dena den, azaldu zuen: «proposamenak alor gehienak ukitu nahi ditu, herritarrei modu zabalean eragiteko».

Oposiziotik, EH Bildu ez zen ados azaldu: «Badaude adostasunerako proposamen batzuk, aurrekontuen emendakinetan ezezkoa jaso zutenak; beste ba­tzuk, aldiz, zalantzak sortzen dizkigute, hala nola sagardotegietako autobusak, radarrak...».

Bereziki zalantzan jarri zu­ten Obra eta Zerbitzuen de­partamenturako proposatutako aholkulari lanpostu bat: «30 urtetan ez da behar izan».

Beste gai eztabaidatsua

Bere garaiean eztabaidatsua izan zen beste gai bat jarri zuten mahai gainean: mozioen onarpena baldintzatzeko proposamena. Mozio batek kontu ekonomikoak baldintzatuko ba­­litu, proposamenaren inguruko kontu-hartzailearen txostena izatea mahai gainean izatea proposatu zuen Udal gobernuak irailean. 
Mikel Duran PSE-EEko zinegotziak zalantza juridikoak ai­patu zituen, «hautetsien eskubideak mugatzen zituelako», eta txosten juridikoa eskatu zuen. Horren arabera, baldin­tzatu dezakeela ondorioztatu da: «berretsi egin da EH Bilduk eta PSE-EEk esandakoa», adierazi zuen Gartziak. 

Horren aurrean, Etxeza­rragak esan zuen helburua ez zela «parte-hartzea mugatzea», eta beraz, «onartu eta bete» egingo dutela. Hortaz, aho batez onartu zuten hasierako proposamena bertan behera uztea. 

Aho batez, beste hainbat gai
Dena den, gai guztiak ez ziren eztabaidatsuak izan, eta aho batez onartu ziren: kontratazio-mahaiaren osaketa, lanpostu zerrenda, Pagoaga Plan Berezia behin betiko ezeztea, eta Amaia Agirregabiria eta Iker Rocan­dioren aldeko mozioa. 

Onartu ziren, baita ere, nahiz eta adostasun totala ez lortu: Udaltzaingoaren araudi berria (EH Bildu abstenitu egin zen); EAJ eta PSEren pentsioei buruzko mozioa (EH Bildu abstenitu egin zen); Kataluniako atxiloketen inguruko EH Bildu­ren mozioa (EAJk absten­tzioa, eta PSE-EEk, kontra). 

Txosnen gaia, galderetan
Galderen txandak itxi zuen ez-ohiko Plenoa, eta txosnen gaia izan zen eztabaida piztu zuena: «gure kontrakotasun osoa izango duzue», esan zuen Gartziak. Etxezarraga alkateak adierazi zuen, «bizilagunei urtebeteko atse­denaldia ematea» erabaki dela, eta gaia jorratzeko Jai Batzordea deituko dutela. 

Udala prentsa-oharra

Hezkuntza arloa, onuradunena inbertsioen proposamenean

Udal gobernuak dio «ahalik eta arlo gehien hornitzea» izan dela helburua inbertsioen proposamena egiterakoan.

 

Esan bezala, 2017 ekitaldiko likidazioa egitea izan zen astearteko ez-ohiko Plenoko zeregin nagusietako bat. Eta horrekin batera, Udal gobernuak gerakinaren txertaketarekin egingo lituzketen inbertsioen proposamena helarazi zuten. 
Hasierako onarpena eman zioten proposamenari, Udal gobernuko EAJren 6 botoekin, eta PSE-EEren zinegotziaren babesarekin. EH Bildu abstenitu egin zen, baina akordio bat adosteko, mahaiaren bueltan eseritzeko prest dagoela argi utzi zuen. 

Arlo gehienak, kontuan hartuta
Plenoaren aurretik eman zuen Udal gobernuak bere proposamenaren berri: «udal arlo gehienak kontuan hartu ditugu inbertsio-plana egiterakoan». Zentzu horretan, inbertsioak zuzenduko dira «kirolaren ar­lora, herriko mantenura, berdintasuna, hondakin-bilketaren informazio zerbitzura, parke eta plazen errehabilitaziora...».

Dena den, eta Zorione Etxezarraga alkateak Plenoan bertan azaldu zuenez, arlo onu­radunena hezkuntzarena izango da: «nahiz eta egungoak ez daukan leku-arazorik, Kontxa Etxeberria plazako Haur Eskola berriari 400.000 euro eskainiko zaizkio». Ho­rrez gain, «Herri Eskolaren jangela txikiaren haundipenarentzat 200.000 euro zuzenduko dira, eskola komunitateak eskatu duenari segika».
DBHko eraikina ere, inber­tsioen proposamenean dago: «egungo 80.000 euroak, 130.000 euro izango dira», azal­du dute. Arlo honekin bu­ka­­tzeko, «partida berri bat izan­go da Astigarragako hezkuntza-beharrak aztertzeko».

Hezkuntza beharrak aztertzeko txostena egingo da.

‘Murgiazpi’, kultur etxe berria
Bestalde, Kultur Etxe berriaren gaia ere landu dute. Murgiazpi izenaren alde azaldu da Udal gobernua, kultura teknikariak proposatutakoa. 
Bere garaian hainbat bilera egin zituen Udal gobernuak elkarte eta taldeekin proiektua azaldu eta proposamenak ja­so­tzeko, eta hala sortu da kultur etxe berria. Udal gobernuak eskatu du inauguratzeako, erdisotoa antolatzerako obra eginda egotea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!