Urteroko gestio bat izan zen herenegungo ohiko Plenoko protagonista; hain zuzen, 2017 ekitaldiko likidazioaren berri eman zuen Isa Sanchez Ogasun zinegotziak. Horren arabera, 4,5 milioiko gerakinarekin bukatu zen urtea: «gerakin guztia gehituko da 2018ko aurrekontura», iragarri zuen. Eta azaldu zuen, baita ere, maiatzeko Plenoan emango dela inbertsioen proposamenaren berri.
Gerakinaren arrazoia izandako diru-sarreren igoeran eta gastu batzuen jaitsieran egon dela azaldu zuen; hala nola, %20,55 igo dira diru sarrerak kiroldegiko abonuetatik; %31,22 birziklatze-sarreretatik; edo %27a isunetatik. Bestalde, gastua murriztu egin da gasa eta biomasan, administrazio orokorrean edo argindarraren fakturan.
Horrez gain, Udal gobernuak kale garbiketa zerbitzuko kudeaketa-modua aldatzeko espedientearen berri ere eman zuen: «alegaziorik ez da egon, beraz, erabakia firmea da», adierazi zuen Luis Intxauspe alkateak. Gainera, azaldu zuen lanak aurrera dijoazela, eta aurrekoan FCC eta Garbitaniako ordezkariek makinaria ikuskaritza egin zutela.
Horren inguruan, Ricardo Crespok Garbitaniaren estatutuen inguruan galdetu zuen, eta Intxauspe alkateak esan zion «Batzar Orokorrean onartuko» dela horien aldaketa.
Kasazio-errekurtsoa, Donostiako Plan Bereziari
Ondoren, aurreneko gai eztabaidatsua iritsi zen. Bere garaian errekurtsoa jarri zuen Udalak errauskailua aurreikusten duen Donostiako Plan Bereziaren aurka, eta nahiz eta Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota, kasaziozko-errekurtsoa jartzea onartu zuten EH Bilduren eta Orain Hernaniren botoekin. Aurka bozkatu zuten EAJk eta PSEk.
Gauza bera gertatu zen HOBEKI elkartearen sorrerarekin. Hondakinen gaiarekin jarraituta, Euskal Herriko hainbat herrik sortutako elkartea da, eta «hondakinen kudeaketa jasangarriaren aldeko mezua eta praktikak zabaltzea du helburu». Elkarte honen «beharra» jarri zuten zalantzan oposizioko hiru taldeek, eta beraz, EH Bilduk bakarrik bozkatu zuen alde.
Beste hainbat berri emate, galderetan
Galdera eta erreguetan, Intxauspe alkateak hartu zuen hitza aurrena. Batetik jakinarazi zuen dagoeneko ikusgai dagoela Alkatearen agenda webgunean, eta bestetik, Wukrora egingo dutela bidaia Intxauspek berak, Esti Aldeiturriaga eta Garazi Etxarri zinegotziek, eta Kooperazioko eta Gazteriako teknikariek.