Eskerrak, azken Mendi Lasterketaren atarian

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 2a, 02:00

Zortzigarren urtea du aurtengoa, Ereñotzuko Mendi Las­terketak; bihar egingo da, 10:30etatik aurrera. Ia 12 kilometro egin beharko dira, 832 me­troko desnibelarekin, Urda­bu­ruko tontorrera igota. Ume­ena, berriz, 5 eta 11 urte artekoena, kilometro ingurukoa izan­go da eta 10:00etan hasiko da. Baina bai bata, eta baita bes­tea ere, azkenekoz antolatuko dira aurten, eta antola­tzaileek, eskerrak emateko aprobetxatu nahi izan dute.


«Indar horrek ekarri ditu hurrengo urteetako lasterketak» 
Ereñotzuko Mendi Lasterketa antolatu duen lagun-taldeak jakinarazi du hau izango dela antolatuko duen azkena.

«Hasierako burutazioa segituan ilusio bihurtu zen: zergatik ez dugu lasterketa herrikoi bat antolatzen? Auzoa biziberritu, gure ingurunea ezagutu eta ezagutarazi, auzolana bul­tzatu, naturaz gozatu, kirolzaletasuna sustatu... Hainbat bilera, lan eta buruhausteren ondoren, egin zitekeela ikusi ge­nu­en, eta baita egin ere. Baina, le­he­nengo urte hartan lasterketaren inguruan sortu zena uste baino haundiagoa izan zen: au­zoaren inplikazioa eta la­gun­tzeko grina, lasterkarien ja­rrera eta esker ona, festa gi­roa, auzolana eta auzogiroa, el­kar­lana... Indar horrek ekarri di­tu hurrengo urteetako lasterketak».

«Earra izan da hau bizitzea (...). Bazkari herrikoian ikusiko garelakoan, bejondeizuela!»

Baina hau izango da azkenekoa. «Orain, zortzi urteren ondoren, penaz baina gustora, eskerrak eman nahi dizkizuegu lanean aritu zareten auzotar eta lagun guztei zuen prestutasunagatik. Ze, aurten ba al da karrerarik? urteroko galdera egin duten guztiei erakutsitako interesagatik. Eskerrak antolatzaileen familiei izandako pazientziagatik. Nola ez, parte hartu duzuen lasterkariei erakutsitako jarrera, kiroltasun eta esker onagatik. Eskerrak auzotarrei eta hurbildutako ikusle guztiei festa bizitzeagatik. Eskerrak auzoko txikienei kross txikian parte hartzeko ilusio eta grinagatik. Eskerrak sari banaketarako opariak eskainitako guztiei (Goiko Lastola eta Larre Gain sagardotegiak; Fagollaga, Ugal­detxo, Irubide eta Iturralde ja­tetxeak; Irrintzi taberna eta aurretik aipatu izan ditugun Hernaniko denda eta tabernak). Eskerrak Ur Mia solas elkarteari salda eta pintxoak eskaintzeagatik eta Ereño­tzu­ko Auzo Udalari eta Olak Auzo Elkarteari emandako lagun­tzagatik».

Eta dena borobiltzeko, az­ken gonbidapena ere luzatu dute. «Earra izan da hau bizi­tzea. Gaizki eginak barkatu eta ondo eginak gogoan hartu! Bazkari herrikoian ikusiko garelakoan, bejondeizuela guztiei!»

Herri bazkaria, bihar
Horrela, lasterketa bukatuta herri bazkaria egingo da, eta txartelak Irrintzi tabernan daude salgai; denera, 100. Helduenek 10 euro balio dituzte, eta umeenek, 5 euro.

Musa, ostiralean
Biharkoa Ereñotzuko Mendi Lasterketaren azkeneko edizioa izango bada ere, San Antonioekin aurrera egingo da. Eta aurrera egiteko, hurrengo zita ostiralekoa izango da: XXXIII. Mus Txapelketa jokatuko da Ur Mia elkartean, 22:30etan hasita.

San Antonio eguna asteazkenean tokatu da, eta beraz, egitaraua ere zatituta etorriko da. Hilaren 13an botako da txupinazoa, eta orduan egingo dira herri kirolak, bertsolarien saioa, dantza saioa, pelota partiduak eta afaria. Hilaren 15etik 17ra ospatuko dira festak gero, asteburuarekin borobil­tzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!