«Kale garbiketa zerbitzua hobeto bideratuko da, publifikazioarekin»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 19a, 02:00

Martxoko plenoan onartu zuen Hernaniko Udalak, kale garbiketa zerbitzuaren publifikazioa, EH Bil­du eta Orain Hernaniren aldeko botoekin. Eta horren inguruko xehetasu­nak eman zituzten atzo, Luis Intxauspe alkateak eta Koro Etxeberria zinegotziak.

«Maiatzaren 9an hasiko da Udala, zerbitzu hori ematen; ez zuzenean, Garbitania en­pre­sa publikoaren bitartez baizik», azaldu zuen Intxauspek. «Udal Gobernu honen konpromisoa izan da, zerbitzuak esku publikoetara pasatzea. 2018ko urtarrilean, poligonoetako hondakinen bilketa publifikatu ge­nu­en, eta honekin, beste urrats bat eman dugu».

Orain, FCC enpresak egiten du kale garbiketa, eta alkateak azaldu zuen, «Udalak daukan kontraturik garestiena» dela, 1.152.000 eurokoa. «Gaia aztertzeko konpromisoa hartu genuen, eta 2017tik aritu gara horretan. Langileria aztertu dugu, sindikatuekin el­kartuz, beraien egoera eta es­kubideak bermatzeko. Eta subrogatu egingo dira langileak, FCCtik Garbitaniara pasako dira, eta lanpostu, jardun eta baldintza berak izango dituzte. Zerbi­tzu­a berbera izango da, eta gerora, bai aztertuko dugula, aurrera begira nola hobetu dezakegun», jakinarazi zuen.

«Helburu bakarra izango da, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena ematea»
Etxeberriak na­bar­mendu zuen «abantaila asko» izango ditu­e­la publifikazioak: «kale garbi­ketaren eskumena bereganatu du Udalak, eta hori esku pu­bli­­koetan egoteak, ahalbidetuko du zerbitzua hobeto eta errazago bideratzea». Era berean, azaldu zuen zerbitzua enpresa pribatuen esku egonda, «etekin ekonomikoa» bilatzen dela; eta orain, esku publikoetan da­go­enean, helburu bakarra izango dela «herritarrei ahalik eta zerbitzu onena ematea». BEZa aurreztuko dela (115.200 euro), edota koordinazio hobea izango dela, Garbitaniarekin lanak aurreikusiz, aipatu zituen aban­tailen artean, baita ere.

Eta langileen egoera, azkenik: «beraientzat hobea izango da, egonkortasuna edukiko dute. Orain arte, kontratazioa lortzen zuten enpresaren menpe zeuden, batetik bestera al­da­tuz. Orain, Garbitaniako lan­gile izango dira».

Etxeberriak nabarmendu zuen, bukatzeko, ez dituztela «arrazoi ekonomikoak soilik» hartu kontuan, erabakia har­tzeko garaian: «beste arrazoi garrantzitsu asko daude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!