Taldeko argazkia egin zuen atzo, Hernaniko Ezker Abertzaleak, dei egiteko hernaniarrei, larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko. Autobusa ere jarri dute, 15:30etan Atsegindegitik, eta Garinen dago apuntatzeko zerrenda. 17:30etan abiatuko da manifestazioa, La Casillatik.
«Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren markoan, azpimarratu nahi dugu euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen izaera politikoa; beraien borroka, konpondu gabeko gatazka politiko bat egon delako eta dagoelako, eta gatazka horretan modu ezberdinetan parte hartu dute presoek. Errealitatea, kontzeptuak eta beren esanahiak maneiatu eta itxuraldatu nahi diren garai honetan, Bilboko kaleak bete behar ditugu berriro, izaera politiko hori aldarrikatzeko», dio Ezker Abertzaleak.
Nabarmendu du, gauza asko gertatu direla azkeneko bi urteotan: «batzuk positiboak, gatazkaren ondorioen konponketa integralerako marko bat eraikitzeko emandako pausoak, eta EA eta EPPKren ekarpenak eta inplikazioa; eta beste batzuk mingarriak, Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez eta Xabier Rey presoen heriotzak».
Modu berean, adierazi du «Estatuak edozein aurrerapen oztopatzeko ezarritako blokeo eta zailtasunen gainetik», erresoluzio markoa eraikitzen ari dela: «estatu frantsesean elkarrizketa bide bat ireki da, orain arte izandako inmobilismoa haustea lortuz, Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara aldaketak eginez. Hego Euskal Herrian, aurrerapenak mantsoagoak baina sendoak dira, eta badago adostasun bat eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean, gai urgenteen inguruan», adierazi du.
Eta gaineratu du, legedi arruntaren bidea egiteko konpromisoa hartu zuela EPPKk, eta bide hau inplementatzen ari direla jada espetxeetan: «baina estatu espainiarrean eraginkorra izateko, ezinbestekoa da lehen gradu penitentziarioari bukaera ematea; gainditu beharreko aurreneko traba. Estatua eskubide horretara bidea trabatzen saiatuko da; baina traba horiek, herri gisa batuko gaituen arma politiko bilakatu behar ditugu, bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko».