Urtea hastearekin batera jarri zuen martxan Etxerat elkarteak, Kinkea izeneko egitasmoa; produktu promozio bat, presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzeko dirua biltzeko.
Zehazki, hiru hilean behin litografia banaren 20.000 ale jarriko dituzte salgai, eta dagoeneko eskuratu daiteke bigarrena, Javier Etayo Tasio artistak egina. 25 euroan dago salgai, Etxeraten webgunean eta elkarteak Hernanin duen egoitzan; eta asmoa da, herriko taberna eta komertzioetan ere jartzea.
Litografia erosten dutenei, gainera, zenbaki bat emango zaie, ekainaren 21ean egingo den zozketan parte hartzeko. 139 sari izango dira guztira: 20.000 euroko sari nagusia, 5.000 euroko hiru sari, 1.000 euroko 15, 500 euroko 20, eta 100 euroko 100 sari.
«Senideok asumitu ezin dugun gastu bat da hori»
Bere sorreratik zeukan aurreikusita Etxeratek, asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea presoei; baina arrazoi ekonomikoengatik, ezin izan dute egin. Orain, apustu haundia egin eta hori bermatzea erabaki du Etxeratek, egungo baldintzetan, premiak areagotu egin direlako, eta gastuak «izugarri» haunditu: «dispertsioak asko areagotu du gastua, ez da gauza bera Basaurin asistitzea edo Sevillan; eta gogoratu behar da, 23 preso daudela larri gaixo, eta 90etik gora osasun arazoekin», dio Urtzi Errazkinek, Etxerateko bozeramaile eta Ugaitz Errazkin presoaren anaiak; «eta ezin genuen hori senideen esku utzi».
«Senideok asumitu ezin dugun gastu bat da», gaineratu du Nati Telleriak, Ugaitz Errazkinen amak: «hori kenduta ere, hilean 1.200 euro gastatzen ditugu batazbeste, bidaietan; eta horri gehitu behar zaio, presoek behar dutena, baldintza erdi duinetan bizitzeko. Guri, zorionez, ez zaigu tokatu osasun asistentzia behar izatea; baina juridikoa bai. Hiru hilean behin epailearen aurrera azaldu behar zuen, eta abokatua Parisera joan behar izatea dirutza da; batazbeste, hilean 200 euro. Horregatik, lasaitasun haundia ematen digu Etxeraten laguntzak. Eta oso garrantzitsua da, familiaren eta lagunen laguntza ere, beraiek gabe ezingo genuke», dio Telleriak.
«Oso garrantzitsua da, abokatuak konfiantzazkoak izatea, judizialki; eta zeresanik ez medikuak. Bestela, kasurik ere ez diete egiten askotan. Berez, espetxeak bermatu behar luke osasun asistentzia duina, baina zoritxarrez ez da horrela», dio Urtzi Errazkinek.
Egitasmoa herritarrei aurkezteko, ostegunean zita
Kinkea egitasmoa aurkezteko, eta herritarren zalantzak eta galderak argitzeko, etzi jarri dute zita, 19:00etan Biterin. Bertan izango dira Urtzi Errazkin bera, Aiert Larrarte abokatua, eta Fernando Arburua psikologoa, Jeiki Hadi mediku taldekoa. Aurkezpen horretara animatu dituzte herritarrak, irekia izango baita.
«Azaleratu nahi dugu, premia badagoela, asistentzia hori bermatzeko, %100ean. Eta beraien laguntza behar dugula; beti erakutsi duten elkartasunari, beste pausotxo bat eskatu nahi diogu».
Baldoren egoerari buruz, hitzaldia gaur
Josu Juaristik eta Aiert Larrartek eskainiko dute, 19:30etan Biterin. Igandean, berriz, kantu bazkaria antolatu dute, Gari eta Baldoren alde.
Bi zita jarri ditu egun hauetarako, herritar talde batek, Gaixo larriak eta kondena betea dutenak etxera! lelopean. Gaur izango da aurrenekoa, arratsaldeko 19:30etan hasita, Biterin. Baldoren egoerari buruz, hitzaldia eskainiko dute bertan, Josu Juaristi EH Bilduko parlamentariak, eta Aiert Larrarte abokatuak: Baldo, kondena bikoitza.
Iganderako, berriz, kantu bazkaria antolatu dute, Kuxkuxtu txarangarekin. Eguerdiko 14:30etan izango da, Xalaparta elkartean.
Bazkarirako txartelak, salgai daude Onddi eta Txili tabernetan, 22 euroan; eta bihar da erosteko azkeneko eguna. Bazkariaren aurretik, kalejira egingo dute, 13:00etan hasita, herrian zehar.