San Joan Konpartsak antolatuta, aurten ere iritsi da Euskal Herri osoko dantzariak Hernanin elkartzeko astea.
Gaur bertan emango zaio hasiera XXIII. Dantzari Festari, Biterin jarriko den erakusketarekin; gaurtik ostiralera, euskal jantziak ikusi ahal izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
Era berean, Iraultza dantza taldeko Ramon Garciak jantzien inguruko hitzaldia emango du ostegunean, 19:00etan Biterin. Aurtengoan, baserritarren eta kalekumeen janzkerak izango ditu aztergai.
Dantzariak, asteburuan
Dantzarako unea, berriz, asteburuan iritsiko da. Batetik, larunbatean, dantzari txikienak aterako dira kalera. Eguerdiko 12:00etan Ttarlak egingo du buelta, eta 17:00etan hasita emanaldia izango da Ttarla eta beste 8 talderen eskutik: Astigar, Begiraleak, Egape, Ereintza, Eskola, Haurtzaro, Ibarla-Meaka eta Trebeska.
Bestetik, igandean, zazpi probintzietako dantzariak elkartuko dira herrian. Goizeko 11:00k aldera auzoetan barrena ibiliko dira, eta 13:15etan plazan egingo dute ekitaldi nagusia. Bazkari, omenaldi eta erromeriarekin borobilduko dute eguna.