Tailerra eskainiko duzu datorren astean, Zilegi Eskolen barruan. Nolatan?
Txukuntzen oso jarduera berria da, espazio antolatzailearena, eta orduan, aukera polita iruditu zitzaidan jendeak ezagutu dezan. Eta gainera, zer hobea, euskera eta ordena bateratzea baino! Horrez gain, euskera da Txukuntzenen balioetako bat, baita tokikoa izatea, lasai egotea... eta horiek kontuan hartuta, jendeari laguntzea da nire nahia. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiot AEKri aukera hau eskaintzeagatik.
Espazio antolaketaren eta ordenaren bueltan, zein behar izaten ditu jendeak?
Normalean arazo haundiena izaten da: «etxea gainera eroritzen zait». Gizarte batean bizi gara non oso azkar bizi garen, eta gero, errealitate bat dago: duela 30 bat urte emakumezkoa lan-mundura sartu zen, eta emakumeak etxean egiten zuen lana, antolamenduarena, ez du inork hartu. Hori galdu egin da, eta askotan gertatzen da bizitzak ez digula ematen etxeari buelta bat emateko.
Horretan laguntza eskatzen da ez daudelako ohiturak, eta behar duzulako norbaitek erakustea. Gainera, abiadurak ez du laguntzen.
Eta gero, daukagun arazorik haundienetako bat da kontsumismoa. Hortan sartzen naiz tope, eta ingurugiroarekin oso lotuta dago. Gizarte kapitalista batean gaude, eta pila bat kontsumitzen dugu; horrek ekartzen du etxean gauza gehiegi edukitzea. Etxean gauza gehiegi badauzkagu, nola antolatzen ditugu?
Kasu horietan, deskarte haundia egin behar da. Eta horretan, nik bultzatu egiten dut berrerabilpenaren tendentzia hori: bigarren eskuko dendetan erosi, eta deskartatzen dena bertara eramatea...
«Pila bat kontsumitzen dugu, eta horrek ekartzen du etxean gauza gehiegi edukitzea»
Ba al dago sekreturik dena txukun mantentzeko?
Bai. Aurrenekoa izango litzateke eduki beharrezkoa duzuna bakarrik, hau da, egunerokoan behar duzuna. Eta baita ere, gustatzen zaizkizun gauzak eta maite dituzunak. Hartara, etxea edukiko duzu efizientea eta goxoa.
Horrek zuzenean dakar deskarte on bat egon beharra, eta kontsumo arduratsu on bat eduki behar dela. Zure etxean sartzen den hori jakin behar duzu zertarako sartzen den eta zergatik. Horrek ez du esan nahi minimalista izan behar denik.
Beste gako bat da: gauza bakoitzak eduki behar du bere lekua, bere txokoa etxean. Koherentziarekin bada, hobe.
Eta hirugarrena: hartzen duzun guztiak, berriz ere, bere lekura joan behar du. Hori disziplina kontua da.
Orduan, baldin badaukazu nahi duzuna, eta benetan gustora sentiarazten dizuna; bakoitzak badauka bere txokoa, eta gauza guztiak bere lekura bueltatzen badituzu... oso erraza da!
Eta orduan, zein da arazoa?
Demagun hau guztia eginda daukazula, baina ez daukazu kontsumo arduratsuaren benetako kontzientzia bat. Berriz hasten zara gehiago kontsumitzen, gauza gehiago ekartzen; oso azkar bizi gara, eta ez diozu bakoitzari bere tokia ematen... eta berriro ere, hasten da gauza bakoitza bere lekutik ateratzen, beraz, desmadrea sortzen da.
Edo izan liteke kontzientzia haundia daukazula, baina ez zarela disziplinazalea, eta beraz, gauza bakoitza berriro ere, leku desberdinetan uzten hasten zara.
Arazo hauek erlatiboak izaten dira, eta agian, konpondu daitezke. Kantitateak izaten dira arazo, horregatik deskartatzen jakitea garrantzitsua da.
Dena den, ez da gatazka bat egon beharrik, baten batek izan dezake ilusio berezi bat dena txukun mantentzeko. Ezinbestekoa da nahi izatea.
Zergatik da garrantzitsua ordena?
Jendea hasten da agobiatzen pila bat. Ulertu behar dena da ordena eta gauzak txukun mantentzea dela oreka kontua. Ondo sentitzeko da: gauzak txukun daudenean, ondo bizi zara, lasai, orekan...
Honek guztiak agobio haundia sortzen badizu, saiatu gauza txikiekin hasten. Adibidez, armairuko txoko batetik. Izan ere, armairua nola daukazun zu nola zauden islada hoberena da: zure bizitza kaos bat baldin bada, probatu armairua ordenatzen, estabilizatzen du pila bat!
Hau ez da kontu estetiko bat, bakoitzaren osasun mentala oso lotuta dago inguruan daukan antolaketarekin. Ordena osasuna da; nik uste dut ez duenak sinisten da ez duelako sentitu.
Dena den badaude salbuespenak; adibidez, pertsona kreatiboak oso desordenatuak izan ohi dira.
Nolatan egin zinen espazioaren antolatzaile?
Ni oso txukuna izan naiz betidanik, eta 2017ko urtarrilean irakurri nuen Madrilen eta Bartzelonan hasiak zirela lanbide honetan. Hortik lau hilabetera lana utzi nuen, eta honetan jarri nintzen. Sinisten dut laguntza haundia eman dezakegula; nik nahi dudana da jendearengana ordena iristea. Arazoa dagoenean hori konpondu, eta gerora, dauzkan ohiturak aldatzea. Betiere, bere nahietara egokituz, izan ere, hala ez bada, aldaketak iraungo al du?