«2002an izan zen Cori gurekin, eta 15 urte beranduago, berriro etorri da bisitan Aranora»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 14a, 02:00

Baziren 15 urte, ia 16, Cori Bou­zed sahararra Aranon izan zela, Ansatarren etxean. 2002ko uda­ra pasa zuen bertan: «orduan ez zen batere ohikoa, haur saharar bat etxean hartzea, eta ausardia haundia izan zuen amak», dio Arantxa Ansak, hiru ahizpetan helduenak.

Ondo gogoratu dituzte, az­ke­naldian, garai haiek. Izan ere, ezustean, Bouzeden bisita jaso zuten duela bi hilabete, Aranon bertan: «mantendu ge­nuen ha­rremana gero; 2003an, ama eta Maider ahizpa joan ziren Saharara, eta hurrengo urtean ama eta Ainhoa. Gerora, berak deitzen zigun, eta esaten zigun zein telefonotara deitu, berarekin hitz egiteko. Baina duela sei urte hitz egin genuen azkenekoz, eta ordutik, ez ge­nu­en aukerarik izan, berarekin ha­rremanetan jartzeko». Duela gutxi arte. Sevillara mugitu zen Bouzed, osaba baten etxera, eta ahalegin guztiak eginez, lortu zuen Ansatarrekin kontaktatzea; baita bisitan etorri ere, otsaileko asteburu batean. 33 urte dauzka orain, eta hiru seme-alaba. Estatuan geratzeko, naziotasuna lortu nahi du.

Aranoarrek, gogoan
Ansatarrek bakarrik ez, beste hainbat herritarrek ere bazuten gogoan Bouzed, eta berarentzat dirua emateko prest azaldu ziren; horrekin, arropa bidaliko diote, Sevillara. Eta haren bisitak «barrenak mugitu» zizkiela eta, zerbait antolatzea erabaki zuten: SahArano kafe-te-solasaldia izanen da gaur, 17:30etan hasita Maisuenean: bideo emanaldia, saharar jan­tziak probatzeko aukera, te das­taketa, eta solasaldia. 

 

OLGA LEIBAR

«Pena haundia da, haur batzuek ez izatea etortzeko aukerarik»

Aranoko Maisuenean izanen da gaur, Olga Leibar oiartzuarra. El Watan Sahararen aldeko elkarteko kide gisa, udaran haur sahararrak hartzeko familia berrien bila dabil, buru-belarri.

Badira urte batzuk, Olga Lei­barrek ezagutzen duela Aran­txa Ansa. Oiar­tzungo El Watan (aberria, euskeraz) Sahararen aldeko el­kar­­teko kide da Lei­bar, eta zazpi aldiz izan da Sa­ha­ra­ko errefuxiatuen kanpamenduetan; az­kenekoz, abenduan.

Aranon izanen da gaur, Mai­sueneara gerturatzen dire­nekin solasean.

Zeri buruz ariko zarete gaurko tertulian?
Sahararren giroan sartzea izanen da asmoa. Sahararren kanpamenduetako egoera ko­ka­tuko dugu pixka bat, jendeak dauzkan galderak, zalan­tzak eta kezkak komentatuz. Bideo bat ere jarriko dugu, 2016ko esperientzia batena; eta argazkiak ere bai. Eta jan­tziak ere eramanen ditut, probatzeko. Izan ere, Oiartzunen, sahararrak etortzen direnean, Sahararen aldeko egun berezi bat ospatzen dugu urtero, eta horretarako gordeta dauzkat jantziak: melfa mordo bat, turbanteak...

El Watan elkarteko kidea zara. Zertan jarduten duzue?
Urtean zehar zenbait ekintza egiten ditugu. Janari bilketa egiten dugu, batetik, kanpamenduetara bidaltzeko. Bido­ien proiektua ere badaukagu Oiartzunen, 1.000 litrotako ur bidoiak banatzeko kanpamen­duetako familiei; eta bidaia aprobetxatuz, ekintza kulturalen bat egiten dugu bertan, antzerki saioren bat-edo. Eta orain, buru-belarri gabiltza Oporrak Bakean egitasmoarekin, udaran haur sahararrak etortzeko, harrera familietara. Gainera, aurten arazo askorekin gabiltza, familia berri gutxi daudelako. Bihar arte luzatu dugu epea, eta interesa daukaten familiek, deitu de­za­tela 696 014 786 telefonora (Oporrak Bakean Gipuzkoa). Irrikaz gaude familia berriak izateko, eta erraza da, ez da inongo baldintza berezirik behar; mota guztietako familiak izan daitezke. Pena haundia da, haur batzuek ez izatea etortzeko aukerarik.

Zergatik da garrantzitsua, udaran haur sahararrak hona etortzea?
Hango baldintzak beti dira gogorrak, eta udaran gogorragoak. Itzaletan, 45 gradutara egon daitezke. Nik ikusi ditut arrautzak prejitzen, zartagia hondarraren gainean jarrita. Gainera, han medikutara oso gutxi joaten dira; katarroa denborak sendatzen die. Beraz, izugarrizko onura da bera­ien­tzat, hona etortzea eta pasa­tzea medikuaren kontsultatik, dentistatik, okulistatik… Edo­ta yogur eta fruta asko jatea, adibidez. Eta bestalde, ezagu­tzen dute beste mundu bat. Haurrak dira, eta mo­mentuan ez dute eskertzen, ez direlako konturatzen. Baina bizitza oso­rako esperientzia bat da beraientzat, eta denborarekin konturatzen dira. Eta modu berean, familia bezala, guk ere asko ikasten dugu beraiekin. Bientzat da onuragarria.

Abenduan izan zinen kanpamenduetan azkenekoz. Zein egoera topatu zenuen?
Egoera beti izan da larria, eta ez da aldatu. Esango nuke, etsipen puntu bat ere badagoela. Bai beraien aldetik, 42 urte daramazkitelako horrela; eta bai gure aldetik, joaten garenean ikusten dugulako gauzak ez direla aldatu. Gau­zaren bat edo beste hobetu da, baina jatekoa eta ura urri dau­kate. Urik ezin dute garra­ia­tu bertara, eta beraz, ezin dute ezer erein. Daukaten ur apurrarekin, lehentasuna ega­rria asetzea da, ez landareak ureztatzea. Horregatik, gazteek alde egiten dute, edonora, han ez daukatelako ezer. Joa­ten garenean, pozez txoratzen hartzen gaituzte, eta ez daukatena ere eskaintzen digute. Baina gu ere bagara, han daukaten egoeraren arduradun, eta gogorra da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!