Tarte luze batez geldirik egon ondoren, berriro ere hasi dira AHTaren lanak Astigarraga inguruan. Aitzakia horrekin, oharra helarazi du Astigarragako EH Bilduk gaiaren inguruan: «AHTaren lanek aldaketa eta arazo gehiegi ekarriko dituela jakina da», onartu dute.
Bizilagunen arteko, «harresia»
Oposizioko taldearen ustez, aurrenekoa nabarmena izango da: «Okendotegi eta Ergobia arteko banaketa fisikoa eragingo du, ‘harresia’ izango da, AHTk ezinezkoa egingo baitu bi auzo hauen arteko pasonibela mantentzea».
EH Bilduk pasonibela kentzea ondo ikusten du «arrisku-iturri» izanagatik, «baina honen ordez proposatzen den scalextricak paisaia-inpaktu nabarmena izateaz gain, Okendotegiko bizilagunak zokoratuko ditu eta bertatik ibiltzen diren oinezko eta bizikleten pasua erabat zailduko du».
Gainera, gogorarazi du: «bide hau jende askok erabiltzen du paseorako, kirola praktikatzeko edo lotune moduan».
«Utzikeria», historia eta ondarearen aurrean
Horrez gain, EH Bilduk eman du jakitera, «garai bateko tranbiak, Ergobian, Urumea zeharkatzeko erabiltzen zuen egitura zaharra botatzen hasi dira». Hura ondare kulturalaren parte dela aldarrikatu du alderdiak, eta «erabat galdu aurretik, gutxienez aztarna batzuk babestea» eskatu du.
Bigarren eskaera da «aztarna horiek leku publiko batean ikusgai egoteko aukera hausnartzea».
Zentzu horretan salatu du «EAJren utzikeria Astigarragaren historia eta ondarearen aurrean».
Lur kutsatuen kudeaketa, zalantzan
AHTaren lanak egiteko, Urumea ibaia eta trenbidearen artean zeuden enpresa eta pabilioiak bota egin ziren. Eta horren aurrean, «Eusko Jaurlaritzak eremu honetan lur kutsatuak izateko aukera zegoela aspalditik du aitortua», dio EH Bilduk.
Eta diotenez, beraiek dakitenaren arabera, «ez da inolako kudeaketarik egin»: «legeak dioena gogorarazten dugu: lur kutsatuak dauden ala ez ziurtatu behar da, eta egotekotan, deskontaminazio prozesu bati ekin behar zaio».
Eta hori galdetuko dute Eusko Jaurlaritzan eta Udalean: «oso larria da AHTko lanak esleitu dituen EAJren Eusko Jaurlaritzak, berak jarritako legedia ez betetzea. Eusko Jaurlaritza oso zorrotza izan ohi da lur kutsatuen kudeaketari jarraipena egiten, baina badirudi AHT kontuetan dena dela onargarria».
Kutsatuta egotea onartuko ez duela dio EH Bilduk, eta deskontaminatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.