Adarra fruta dendan mobilizazioa, jai egunetan irekitzea salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 10a, 02:00

Jai Egunak Bizi Egunak, igande eta jai egunetan itxita lelopean, kontzentrazioa egin zuen igandean LAB sindikatuak, Plaza Berriko Adarra fruta dendaren aurrean, «igande eta jai egunetan dendak irekitzeko hartutako erabakia salatzeko, eta bertako langileak jai egunetan lan egitera behartuak direla eta horretarako inongo beharrik ez dagoela ikusarazteko».
Sindikatuaren esanetan, «kontrolik gabeko ekonomia garapena, mugarik gabeko lehiakortasuna eta zentzurik gabeko kontsumoa nagusi­tzen ari dira, eta honekin, jokoan dagoena, gizarte eredua da». Hain justu, igande eta jai egunetan irekitzeko erabakia testuinguru horretan kokatzen du, eta beharrik ez dagoela azaldu du. «Lan­gileok ezin diogu uko egin gure atseden eskubideari eta ez dugu onartzen gure lan baldintzak eta bizi-kalitatea are gehiago hondatzea, ezarri nahi diguten gizarte ereduaren ondorioz».

Herritarrei ere, galdera
Salaketarekin batean, herritarrei galdera egiteko ere aprobetxatu nahi izan du LABek. «Jai egunetan denok jai eta Adarra fruta dendako langileak lanera joatea justua al da? Igandetan ireki beharreko edo oinarrizko zerbitzua al da fruta denda bat? Jai egunetan ireki­tzen duen denda batean kon­tsumitzea, etikoa al da?». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!