Euskara ari du kultur elkarteak beste hitzaldi bat antolatu du Baietz Hernanik! egitasmoaren baitan, etzi, apirilaren 11ean, 19:00etan Biterin kultur etxean.
Oraingoan Garikoitz Goikoetxea Berriako kazetaria izango da Hernanin. Euskara irabazteko bidean liburuan, ehun eragileren iritziak bildu zituen euskararen inguruko aztergai nagusiak agerian uzteko: ezagutza eta erabileraren arteko jauzia, diskurtsoak, gaur egungo euskalgintza, hizkuntza-politika…
Liburuan azaldutakoa eta bere kazetari-esperientzia-oinarri hartuta, gaur egun euskararen egoera zein den eta aurrera egiteko zer planteatzen den azalduko digu Garikoitzek hitzaldian.
«Azken urteetan, lan handia egin da euskara biziberritzen, sekulakoa, baina oraindik bide luzea dugu aurretik» diote Euskara ari du kultur elkartetik.
«Gaur egungo egoera ez da duela hogeita hamar urtekoa. Euskararen ezagutza izugarri igo da, baina ezin dugu gauza bera esan erabilerari buruz. Euskara suspertzeko bidean aldaketak datoz, eta beste urrats batzuk emateko garaia da, besteak beste, ezagutzatik erabilerara. Giroa aldatzen ari da, eta egoera aldatzeko nahia dago, euskara biziberritzeko bidean jartzekoa» azpimarratzen dute Euskara ari du elkartetik.
Horrexegatik arti dira 2018an erronka desberdinak antolatzen eta hitzaldia Baietz Hernanik! egitasmo horren barruan kokatzen da.