Hernaniko bost gazte zigortu ditu Entzutegi Nazionalak

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 8a, 02:00

Hernaniko bost gazte zigortu ditu Entzutegi Nazionalak,  «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. 2016ko Gudari Egunean, bostak adingabekoak zirenean, institutoan egindako ekimen bat dela-eta kondenatu dituzte, bertan «bitimak gutxietxi» egin zituztela argudiatuta.

Sei hilabetez «elkarbizitzako baloreetan formazioa» egin beharko dute gazteek. Epai­learen iritziz, beharrezkoa da «haien ekintzen ondorioen inguruan hausnartzea».

Covitek jarri zuen salaketa, hildako bost ETAko militanteri omenaldia egin ziotela adieraziz. Izan ere, Coviteren esanetan, ikasleak dira «delituaren egile materialak». Era berean, irakasleen erantzukizuna aztertzeko eskatu zuen Covitek, beren ustez, «delituaren bul­tzatzaile» direlako instalazioetan mota horretako ekitaldiak antolatzen uzteagatik. 

«Adin nagusikoen onespenik gabe adingabeek omenaldi hori egin izana ezin da ulertu», esan zuen Covitek. 

Adin nagusiko horiek nor­tzuk izan ziren jakin ahal izateko irakasle zein ikasleen deklarazioak biltzea nahi dute. «Gaz­teak ETAren gorrotoaren diskurtsoaren biktima nagusiak dira eta erradikalizazioaren au­rrean zaurgarrienak», eman zuten aditzera.

Zigorra ezartzeko orduan, epaileak «proportzionaltasuna» defendatzen du eta flexibilitatea eskatu, adingabekoak direla kontuan hartuta. 

Epaiaren aurka ez dago errekurtsoa jartzeko aukerarik. Hala ere, zigorrak ez duela bestelako inolako neurririk azpimarratu du epaileak, «ez inolako jarraipenik ere».

Hernaniko Ikasle Abertzaleak dio ­«elkartasuna ez da delitua»
Hernaniko Ikasle Abertzaleak-ek epaiaren inguruan eran­tzuna eman zuen sare sozialetan. «Elkartasuna ez da delitua. Erasoen aurrean gogor eta tinko jarraituko dugu». Gainera espainiar estatuaren mugimendua izan dela diote. «Zuen errepresioari, hortzak erakusten jarraituko dugu». Eta ezarritako zigorra onartezina dela ere argudiatu dute.  «Ez dugu onartuko euren logika kapitalistaren baitan emango diren formakuntza burgesik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!