Azterketa bat egin du Urumea Berriko promotorak, DBH kokatzeko aukera ezberdinen inguruan, Udalak jakinarazi duenez: «eta badirudi, Txalaka-Ergobia dela toki egokiena, eskola kokatzeko», azaldu du Udalak, prentsa ohar bidez.
Hiru lursail aztertu dituzte, Mendiaundi-Aranibar, Bidebitarte eta Txalaka-Ergobia; eta irizpide hauek hartu dituzte kontuan: lursailaren tamaina, eraikitzeko aukera, lursaila erosteko kostua, espazioa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko epea, irisgarritasuna, ingurugiro afekzioak eta garapen jasangarria.
Hori horrela, Txalaka-Ergobiako lursailak jaso du balorazio altuena, eta beraz, uste dute hori dela kokaleku onena, DBH jartzeko. «Gainera, ahalbidetuko luke Ergobia biziberritzea, ia osorik oinezkoentzako izango litzatekeen bide bat eginez, Kontxa Etxeberriatik hasi eta DBHren eraikina egongo litzatekeen tokiraino», azaldu du Udalak.
Astigarragako Plan Orokorrean, aurreikusita dago Eusko Jaurlaritzari Mendiaundi-Aranibar partzela uztea, hilerriaren azpian kokatuta dagoena. «Baina dauzkan mugak ezagunak dira; besteak beste, ezin da ibilgailuan iritsi bertara, eta korrontearen linea lurperatu beharko litzateke, Kale Nagusitik hilerrira, baita dorre elektriko bat eraiki ere, Galtzaur eta Kale Nagusia arteko desnibela konpentsatzeko».
Herri Eskolako gurasoei aurkeztuta, proiektua
DBH Txalaka-Ergobian egiteko proiektua, Herri Eskolako gurasoei aurkeztu zieten Udal Gobernuak eta promotorak, martxoaren 22ko bileran: «bertan, aukera izan zuten gurasoek, galderak eta zalantzak planteatzeko. Udal Gobernuak berretsi egin zuen bere konpromisoa Astigarragako hezkuntzarekin; eta baieztatu egin zuen, bere helburuen artean dagoela aukera onenaren alde egitea, DBH epe ertain-laburrera garatu eta herriaren hezkuntza beharrei erantzuteko. Izan ere, Astigarragak hazkunde haundia izan du azkeneko urteotan, eskolara joateko adinean dagoen populazioan», nabarmendu du Udal Gobernu Taldeak.
Azkenik, jakinarazi dute, hurrengo Hirigintza Batzordean aurkeztuko dutela promotorak egindako proposamena, udal langileek teknikoki baloratu dezaten.