Atseden hartuko dute Mundarroko futbol taldeek, asteburu honetan ere; baina prest izango dira, datorren astean, atsedenetik indarrez bueltatzeko.
Batetik, martxoaren bukaeran, taldeko entrenatzaileen afaria egin zuten, urtero bezala: «zelaietik kanpo hainbat istorio partekatzeko momentu paregabea», nabarmendu zuten, taldearen twitterrean.
Izan ere, hori ere prest daukate. Bi hilabetez etenda izan ondoren, berriro jarri dute martxan, Mundarro FKEren kontua, partiduen eta emaitzen berri emateko.
Bukatu bezain ondo, hasi
Eta bestetik, azkeneko partiduko emaitzak ere, indartuko du erregional preferenteen taldea, bueltakoan gogoz hasteko. Sanpedrotarraren zelaian irabazi zuten moreek, ondo irabazi ere: 0-3 nagusitu ziren, jaitsiera saihesteko lehia bizian dagoen taldearen kontra.
Hasieratik bukaerara, serio jokatu zuten moreek (kamixeta berdearekin oraingoan), defentsan akatsik egin gabe eta aurrean kontrarioari arazoak sortuz. Bi golen aldearekin iritsi ziren atsedenaldira, eta 10 minuturen faltan egin zuten hirugarrena.
Emaitza horrekin, zortzigarren dago Mundarro, seigarrenarekin berdinduta. Toki erosoan, beraz, bost partidu falta direnean. Hurrengoa, datorren asteburuan jokatuko dute, Allerru bigarrenaren zelaian.