«Promotoreari opari itzela egin dio EAJk, ibai parkearekin»

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 7a, 02:00

EH Bilduk adierazi du, «berri ona» dela, «zalantzarik gabe», Urumea inguruan Erribera par­kea egokitzeko lanak hasi izana: «gure eskaerari jarraituz, aurreneko neurria izan da bertan dauden platanondoak eta beste espezie ez autoktonoak kentzea, eta bertako espezieak jartzea. Lanak egitearen arduradunak, URA agentziak, begi onez eta beharrezkotzat jo du», jakinarazi du EH Bilduk.

Azkenean, aurreikusitakoa baino haundiagoa izango da ibai parkea, baina kritiko azaldu da EH Bildu: «45.000 metro karratu izango ditu, aurrikusitakoa baino 27.000 m2 gehiago. Baina astigartarroi ez zaigu doan atera, promotoreak Uda­lari zor zizkion 2.200.000 euroren truke izango da. Hilerri on­doko lur erosketa 17 €/m2 baloratu zen, eta DBHren partzela 13 €/m2; aldiz, erriberako lur hauek 81,5 €/m2 atera zaizkigu, ia bost aldiz gehiago. EAJk opari itzela egin dio promotoreari, eta eskandalurako negozio tamalgarria Udalari», salatu du.

Zentzu horretan, azaldu du ibai parkea haunditzea posible izan dela, AHTren ibilbidea alda­tu zelako: «hasieran, AHTren­ga­tik Urumearen ibilbidea aldatu behar zen, baina orain ibaia be­re tokian geratuko da, eta tar­te haundiagoa egongo da iba­ia eta Urumea Berriko etxeen artean. Baina Astigarragako EAJ, hasieratik agertu da AHT­ren au­rreko ibilbidearen alde, eta beraz, ibai parke txikiagoa babestu izan du; are gehiago, Urumea eta ibai parkea bost axola izan zaizkio».

EH Bilduk dio, «begi onez» ikusten duela Erribera parkea, baina garbi dauka, beste modu batera negoziatu behar zirela 2.200.000 euroak: «gutxienez, parkea osatzeko beste 17.000 m2 lortuz, Bidebitarte atzealdeko eremua, etorkizunean Udalak erosi beharko duena. Gainera, parkean gune erakargarri eta erabilgarriagoak eskuratzeko aukera galdu zuen EAJk; hala nola, proposatu genuen pump track edo bizikletekin saltoak egiteko gune berezia».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!