Enpresen behar honen aurrean, euskarak paper garrantzitsua jokatzen du. Lantegi askok, euskaraz ikasi duten ikasleak nahi eta behar dituzte. «Enpresa askok ikasle elebidunak eskatzen dizkigute. Kontuan izan, inguruotako enpresen bezero asko euskaldunak dira», Usurbilgo Lanbide Eskolatik gaineratu digutenez. Nazioartekotze prozesu betean diren lantegiok, «hizkuntzak menderatzen dituzten langileak nahi dituzte. Zenbat eta hizkuntza gehiago menderatu hobeto». Eta tartean noski, «ikasleak euskara mendera dezala, enpresa askotako eskaera izaten da». Eskaera badagoela berresten digute Hernaniko ikastetxean eta Andoaingo Leizaran Institutuan ere.
Lan eremuaren arabera ordea, panorama aldatzen dela diote. Leizaranen gizarteratzearen inguruko goi mailako heziketa zikloa eskaintzen dute D ereduan. Bada euskarazko langileen eskaria «hezkuntza-laguntzako espezialista izateko, menpekotasunarekin lotutako lanpostu batzuetan ere bai, baina harrera-egoitzetako hezitzaileen laguntzaile izateko lanpostuetan ez. Eta praktikei dagokienez, lan-arloan gertatzen dena islatzen da».
Baliabideak euskalduntzen
Egungo lan munduko erronka eta beharrei erantzuteko euskarazko eskaintzaren aldeko apustua egiten da Buruntzaldeko ikastetxeetan. «Lanbide Heziketa beti saiatzen da enpresari erantzuna ematen», Usurbilgo Lanbide Eskolatik adierazi dutenez. Enpresaren beharrak etenik gabe aldatzen doazenez, «horrek ere eskatzen du gu aldaketa horietan murgiltzea», diote Usurbilgo Lanbide Eskolatik.
Horrek noski, lanketa handia eskatzen du, baliabideen ikuspuntutik. Azpimarratzekoa da zentzu honetan, Laneki proiektuak Lanbide Heziketan ikasmaterial didaktikoak euskaratzen egiten duen ekarpena. Eta ondorioz, hezkuntza eskaintza hau euskalduntzen dihardu. «Beti saiatzen gara material berria euskaratzen. Lan handia da», adierazi digute Usurbilgo Lanbide Eskolatik.
Azpimarratzekoa esaterako, Leizaran Institutuan izan duen eragina. «Gure Gizarteratzeko departamentua aitzindaria izan zen gure zikloko euskarazko materiala Laneki/Jakinbai web orrian argitaratzen. Hainbat lan, itzulpen eta irakasleen IRALE euskalduntze programaren bidezko R-400 ikastaroaren bidez ere gure ekarpena egin dugu», adierazi digute Leizaranetik. Gizarteratze zikloa erdaraz ematen hasi ziren 2001-02 ikasturtean, «handik urte gutxi batzuetara, D eredua ezarri genuen».
Aurretik eginiko ibilbidearen eragina
Eskaintza eta baliabideak badaude euskaraz, euskaraz ikasteko eskaera ere badago eta. «Belaunaldi berria geroz eta euskaldunagoa da», eta horrek isla argia du D eredua eskaintzen duten ikastetxeetan. Usurbilgo Lanbide Eskolan esaterako, «geroz eta ikasle gehiagok eskatzen dute euskaraz ikastea», bereziki noski, Lanbide Heziketara heldu arteko ikasketen ibilbide osoa euskaraz jorratu dutenek.
Mailaren arabera ordea desberdintasunak nabari dituzte, esaterako, Hernaniko Lanbide Heziketan. Goi mailako zikloetan bai, eskari handia dute. Aldiz, Oinarrizko Lanbide Heziketan, gerora erdi mailara igarotzen diren euskaraz ez dakiten ikasle bat baino gehiago dute, «ez dago laguntzarik ikasleok euskaraz ikasi ahal izateko», eta horrek «erdi mailan eragiten du». Talde mistoa dute mekanizazioko ikaskeketan. Alde horretatik garrantzizkoa deritzote Hernaniko Lanbide Heziketako ikastetxetik, erdi eta goi mailako zikloetara heldu aurretik, «ikasleek egiten duten bidea euskalduntzea, Lanbide Heziketara heltzerako euskararen erabilpen handiagoa egon dadin».
B eredua
D ereduaz gain, bada euskara neurri batean txertatua duen B eredua ere Buruntzaldeko ikastetxeetan. Kasuotan, «moduluen %25a euskaraz bermatua egon behar du», Urnietako Salesiarren ikastetxetik zehaztu digutenez. Bada ezberdintasun nabarmen bat, ikastetxe publiko eta kontzertatuen artean. «Kontzertatuak oso mugatuak geratzen gara, euskara ehuneko ehunean bermatzeko». Andoaingo La Salle-Berrozpetik gaineratu digutenez, «publikoek euskarazko taldeak sortzeko desdobleak dituzte. Ikastetxe kontzertatuetan ez dugu halako baliabiderik».
Eta ondorio argia du horrek. La Salle-Berrozpen aurreko etapetan D ereduan ikasi duten ikasleak dituzte Lanbide Heziketan. Baina hauez gain, badira ikastetxetik kanpotik bertara ikastera datozenak ere, oso profil ezberdinekoak, «batzuek euskara maila ona dute, beste batzuek aldiz, ez». Testuinguru honetan, «taldeak desdoblatzeko aukerarik ematen ez digutenez, gure erronka, perfil ezberdin horiek talde berdinetan txertatzea da, horretara behartuak gaude».
Etengabe eraldatzen: «Lanbide Heziketa beti saiatzen da enpresari erantzuna ematen», Usurbilgo Lanbide Eskolatik adierazi digutenez. Enpresaren beharrak etenik gabe aldatzen doazenez, «horrek ere eskatzen du gu aldaketa horietan murgiltzea».
Euskalduntzen segitzeko lanketan
Erreportajean zehar argi geratu den moduan, bada euskarazko eskaintza Lanbide Heziketan Buruntzaldean. Euskara ikastea ezinbestekoa da, lan merkatuan ate gehiago zabaltzeko. Baina oraindik bada zer egina Lanbide Heziketa guztiz euskalduna izateko bide horretan. Eta horretan dihardute bai ikastetxeek, baita Buruntzaldeko tokiko erakundeek. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udaletako euskara batzordeek urteak daramatzate, Lanbide Heziketan ere euskara bermatua egon dadin lanean. Tartean, ikasmateriala euskaratzen duen Laneki egitasmoa diruz laguntzen. Aurten, 8.000 euro bideratu dituzte proiektu honetara. Aurrematrikulazio kanpaina gerturatzen ari den honetan, urtero moduan, herritarrak ikasketok euskaraz egitera animatzen dituzte.
D ereduan ikasteak, hainbat abantaila eskaintzen baititu. Euskaraz ikasten segitzeko aukera izatearekin batera, bi hizkuntzetan lan egiteko prestakuntza jaso daiteke Buruntzaldean. Eta ikasketak euskaraz eginez gero, erdi mailako zikloetan B-1 eta goi mailako zikloetan B-2 euskara ziurtagiriak eskuratu daitezke azterketarik egin gabe.
D EREDUA BURUNTZALDEAN
Andoain
Leizaran Institutua
- Goi maila: gizarteratzea.
Informazio gehiago: leizaran.hezkuntza.net
943 300 078
zuzendaritza@leizaran.net
La Salle-Berrozpe
- Goi maila: fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa.
Informazio gehiago: lasalleberrozpe.eus
943 590 557
lsbandoain@lasalleberrozpe.com
Hernani
- Erdi maila: mantentze-lan elektromekanikoa.
- Goi maila: sistema elektroteknikoak eta automatizatuak; fabrikazio mekanikoko diseinua; animazio soziokulturala eta turistikoa.
Informazio gehiago: hernanilanh.hezkuntza.net
943 551 958
idazkaritza@hernanilanh.eus
Urnieta
Salesiarrak
Informazio gehiago: urnietakosalesiarrak.com
943 551 789
idazkaritza@salesianosurnieta.com
Usurbil
- Erdi maila: administrazio kudeaketa, instalazio elektriko eta automatikoak; mekanizazioa; hozteko eta girotzeko instalazioak; beroa sortzeko instalazioak.
- Goi maila: administrazioa eta finantzak; automatizazioa eta robotika industriala; energia eraginkortasuna eta eguzkia-energia termikoa; fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa; instalazio termiko eta fluidoen mantenimendua.
Informazio gehiago: lhusurbil.eus
943 364 600
eskola@lhusurbil.eus
Informazio gehiago:
ikaslan.net
hetel.org
buruntzaldea.eus