Aragoi eta Nafarroako erreinuetara

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 7a, 02:00

Petilla de Aragon he­rriko lurretan koka­tzen da Mendiriz Mendik apirilaren 15erako proposatu duen ibilbide hau. Nahiz eta herriaren izenak kontrakoa esan, lur hauek Nafarroakoak dira. He­rria Arag­oiko lurraldez ingura­tu­ta dagoen irla txiki bat da. Euskal Herriko herririk ezkutuenetariko bat dela esan daiteke.

Erregeen arteko karta jokua
Kondairak omen dio Aragoi eta Nafarroako erregeak kartetan jolasten ari zirela herri okerrena nork zuen apustu egin zutela. Herri okerrena zuenak besteari bere herria emango ziola adostu zuten. Aragoiko erregeak Petilla de Aragon herria jarri omen zuen eta Nafarroakoak Gali­pen­tzu.  Bi he­rriak bisitatu ondoren okerrena Galipentzu zela ados­tu zuten eta horrela, Pe­ti­lla Nafarroako erreinukoa izatera pasa omen zen.

Historiak, ordea, beste gauza bat esaten du. Petilla Aragoi erreinuko herria izan zen XIII. mendera arte. Nafarroako Antso VII indartsuak Aragoiko Pedro II erregeari eginiko 20.000 marabediko mailegu baten garantia Petilla de Aragon jarri omen zuten. Ara­goi­ko erregeak mailegua ezin izan zue­nez bueltatu, 1231an herria Nafarroako erreinukoa izatera pasatu zen. Urte batzuk berandu­ago, 1312an, aragoitarrek  herria in­darrez be­rres­­kuratzen saiatu ziren, baina bertako herritarrek, Zangotza­ko­en laguntzarekin, se­tio gogorrari eutsi eta erasoari au­rre egin zioten.  Nafarroako errei­nu­ari izandako leialtasun ho­rren truke hiribildua titulua jaso eta zergak jaitsi zizkieten.

Nobel saridunaren herria
Petilla de Aragón herrian jaio zen Santiago Ramón y Cajal ikertzaile famatua 1852. urtean. Bertan bere bizitzako lehen bi urteak soilik igaro zituen familia Larrés herrira aldatu zelako. Ikasketak Jacan, batxilergoa Huescan eta medikuntza ikasketak Zaragozan egin zituen. XIX. men­dean teoria zelularren ideiak nagusitzen joan ziren. Ideia horien arabera zelula guztien jatorria beste zelula bat da. Ideia hori nahiko onartua eta zabaldua zegoen, baina nerbio ehuna salbuespena zela uste zen. Zelulez baino zuntzez osatutako sarea zela uste zen garai hartan. Ideia hori baztertzen lagundu zuen ikerlaria Santiago Ramón y Cajal jakintsua izan zen. Berak nerbio ehunaren oinarrizko egitura zelularra neurona zela demostratu zuen. Bere ikerketengatik, Camillo Golgi ikertzaile italiarrarekin batera, Fi­siologia eta Medikuntzako No­bel Saria jaso zuen 1906. urtean.

Petillatik La Selvara
Ibilbidea Petilla herrira iritsi baino 3 km lehenago hasten da, Nafarroako Diputazioarena den etxabe baten parean dagoen apar­kalekuan. Hor, eskuin aldean jaiotzen den pistari jarraitu behar zaio. Zubi batetik El Vado erre­ka zeharkatu eta borda bat igaro ondoren gora egin behar da La Val izeneko sakanetik. Zem­en­tuz­ko tarte bat eta iturri bat pasa ondoren Cantadero izeneko lepora (966 m) iritsiko gara.
Lepo honetan pista ugari el­kar­tzen dira. Guk ezkerrekoa  ja­rrai­tuko dugu. Pistak par­ke eolikoaren aerosorgailuetara eramaten gaitu; hor ezkerreko bidezidorra hartu, mendiaren hego isurira joateko. Pista batera iritsiko gara. Pistari jarraitu eta egoki ikusten denean, mendiaren galdor aldera, errotak dauden aldera, egin behar da. Horien lerroa jarraituz puntu geodesikoa den La Selva edo Uncastillo (1.158 m) izenarekin ezagutzen den gailurrera iritsiko gara.

Gailurretik ikusten den paisaia zoragarria da. Ori gailurretik Colladara mendiraino dauden bis­tak zoragarriak dira. Hego al­dera Moncayo eta Iberiar mendizerrako gailurrak ikus daitezke.

Datu interesgarriak

-Non kokatzen da: Aragoiko lurralde barruan, baina Nafarroako lur eremuetan.
- Luzera: 15 km
- Denbora: 3 ordu
- Desnibel metatua: 450m gorantz eta beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
 Mendiriz Mendik apirilaren 15ean egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!