Joan den astelehenean izan zen, apirilaren 2an, Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna. Eta hori ospatzeko, ikuskizun berezia antolatu dute Astigarragan, datorren asteartean: Irakurriz emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, Shakti Olaizolaren eskutik.
Kultur etxean eskainiko du saioa, arratsaldeko 17:30etan hasita; eta ez da literatura saio normal bat izango: liburuen bitartez, eguneroko gauzak jolas, erronka eta gozamen bihurtuko ditu Olaizolak, ekilibrioak, dantzak eta kontortsionismo ariketak eginez.
Izan ere, kontortsionista da Shakti Olaizola, eta mota horretako ikuskizunak eskaintzen ditu: kontortsionismoa, ekilibrismoa, dantza, antzerkia eta zirkua. Oraingoan, literaturarekin lotutako proiektu batekin etorriko da Astigarragara.
Saioa ikusteko sarrera, doakoa izango da.