Atzo jakin zen epaia: Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela zigorra jarri die 2016ko San Ferminetan talde bortxaketan parte hartu zuten bost gizonei, La Manada deitutakoei. Baina epaiak sexu abusuagatik zigortu ditu, eta, aldiz, sexu eraso delituagatik absolbitu. Gainera, hiru epaileetatik batek boto partikularra eman zuen, auziperatuak absolbitzeko eskatzeko. Horrek haserrea eta sumindura sortu zuen atzo bertan, epaia jakin bezain pronto, eta hainbat mobilizazio egin ziren Euskal Herriko eta estatuko herri eta hirietan, mugimendu feministek deituta.
Hernanin, Koordinadora Feministak deituta, jendetza bildu zen 19:00etan Plaza Berrin, asanblada feministan parte hartzera. EH Bilduk antolatuta Arnaldo Otegik ematekoa zuen hitzalida ere bertan behera geratu zen, eta asanbladarekin egin zuten bat.
Asanbladan, herritarrek haserrea adireazi zuten, eta herrian barrena manifestazio zaratatsua egin zuten segidan. «Ez da abusua, bortxaketa da!», adierazi zuten garbi, txalo eta txilibitu hotsen artean. «Kaleak, gauak, gureak dira!» edota «kaleak, gauak, beldurrik gabe!» aldarrikatu zuten.
Mobilizazio gehiago, gaur
Mugimendu feministek mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, eta egingo diren deialdiei adi egoteko eskatu dute. Oraingoz, gaur eguerdirako egin dute hurrengo zita. Eguerdiko 12:0etan elkarretaratzea egingo da Donostiako Epaitegiaren aurrean, Egia auzoan. Beltzez jantzita eta besoko morearekin agertzeko eskatu dute, «hiriko auzo guztietan paretek ozen esan dezaten: bortxaketa izan da, ez abusua. Guk sinesten dizugu. Autodefentsa Feminista. Justizia patriarkala, justizia ustela».