Parkea salbatzeko borrokan, animaliak

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 7a, 02:00

Haurrei zuzendutako pelikula bat jarriko dute gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, Astiga­rra­gako kultur etxean: Hurrak eta lapurrak II, euskeraz. Fil­maren bigarren zati honetan, parkea salbatzea izango dute misioa, pelikulako protagonista diren animaliek.
Izan ere, beraien bizimodu lasaia okertu egingo zaie. Liber­ty Par­keko animaliak ederki bizi dira, fruitu lehorren dendako sotoan; jatekoa soberan daukate eta. Baina bat-batean, denda lehertu, eta parkera jo beharko dute, janari bila.
Arazoa da, herriko alkateak jolas-parke bilakatu nahi due­la Liberty Park. Orduan, Surly urtxintxak eta parkeko animaliek, elkarrekin egin beharko diete aurre obrei, eta alkatearen erasoei. Gainera, alkatearen alabak Precious bahituko du, Surlyren lagun onena, eta bera salbatzera joango da. Par­kera bueltatzen direnean, ordea, jo­las-parkea martxan egongo da dagoeneko. Beraz, orain inoiz baino gehiago, elkarrekin bo­rro­katu beharko dute, parkeko animalia guztiek, parkea be­rres­kuratu eta alkatearen ha­tzaparretatik ihes egiteko.
Cal Brunkerrek zuzendu du film umoretsua, eta ordu eta erdiko iraupena dauka.

Sarrerak kultur etxean salgai, 2 euroan
Pelikula ikusteko sarrerak, kul­tur etxean bertan egongo dira salgai gaur, saioa hasi baino ordubete lehenago, 2 euroan.
Jakinarazi dute, gainera, gu­rasoen ardura dela haurrak bertan bakarrik uztea, eta aretoan dagoen langilea ez dela arduratzen beraien zaintzaz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!