Joxepa Zubeldia, Agustin Iturriaga, Agustin Kardaberaz, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita, Maialen Lujanbio, Marian Beitialarrangoitia, Juan Miguel Orkolaga, Elias Querejeta, Gabriel Celaya, Gabriel Oiartzabal, Martin Zabaleta, Vicente Zaragueta... Horiek eta bestelako hainbat hernaniar ilustreren aipamenak bildu zituzten Pleno areto berrituko inaugurazioan.
Victor Goikoetxeak, muralaren egileak ere, «hernaniar guztien aretoa» izan dadin egin du lan, eta bildutako ideiak azaldu zituen, oinarritik hasita. «XIX. mende bukaerako aretoaren errekuperazioa egitea izan da lan bat, psikologikoki inportantea. Pentsatu nuen: nola hartu ditzakete hernaniarrontzako hain erabaki inportanteak, horrelako areto ilun batean? Horregatik, areto fresko, ireki eta argitsua egin dut. Eta era berean, Hernaniko historia kontatu dut, nire ikuspuntutik: lana, ahalegina, garapena, izan dena eta izango dena».
Bost zati; hiru denbora
Muralaren zati batek iragana bildu duela azaldu zuen. Batetik, aiton-amonen irudiak dauzkaten ateek; «galtzen ari den mundua da, baserriarena, baratzarena... Baina itxi eta ireki egiten den atea da». Izan ere, horrekin lotuta, kultura herrikoiari egin nahi izan dio keinu artistak bigarren zati batean, lehengo eta oraingo bertsolarien hitzak jasoz, oraindik bizi-bizirik dagoen kultura ekarriz; «oso errotuta daude gure herrian». Bertso horietako bat da Txirritarena, eta bestea, Maialen Lujanbiorena, «aurreneko txapela irabazi zuenean botatakoa».
Iraganarekin lotuta, baina herriak izandako garapenaren erakusgarri, ixkinetan, goikaldean ageri diren bi irudiak jaso ditu beste atal batean. Eskubiko aldean, burdinarekin lotutako lana: «Oso inportantea izan da Orbegozo. Herriaren motorra izan zen». Eta ezkerraldean, papera: «herriaren beste motorra». Eukalipto ezpalak bildu ditu bertan, paper bihurtzen direla irudikatzeko.
Eta erdi-erdian, beste bi zati, herriaren iragana, oraina eta etorkizuna laburbiltzen diuena. «Erdian, Hernaniko banderaren bi koloreak nahasten dituen pieza: txuria eta arroxa; eta ez berdea! Askok konfunditzen dute hori banderarekin! Material garaikidea, futurista erabili dut, aldatzen ari delako herria, eta seguru, etorkizunean ere harritu egingo gaituela». Ondoan, berriz, berde kolore biziz, Urumea ibaia: «herri honetako ardatza».
«Erabili dezatela hernaniar guztiek, eta ez politikariek!»
Apirilean egin zen Pleno areto berrituko inaugurazio festa. Bertan, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen, berrikuntzen artean, aretoa egokitu zela, 21garren eserlekua jarriz, Hernanik 20.000 biztanle gainditu baititu, eta hurrengo hauteskundeetan ordezkari politiko bat gehiago izango baitu.
Hala ere, Victor Goikoetxeak egindako muralak hartu zuen, nola ez, protagonismoa, eta horrekin, hernaniarrek. «Herriko alaba gutxi eta seme artista askoren aipamena» egin zuten Joxan Goikoetxea akordeoi-joleak eta Ainhoa Larrañaga abeslariak ekitaldiko emanaldian, eta hain zuzen, horixe zen Victor Goikoetxearen asmoa ere; erabilera askotarako aretoa izatea, hernaniar guztiei irekia. «Erabili dezatela hernaniar guztiek eta ez politikariek bakarrik!».