Udal Gobernu Taldeak martxoan deitutako DBH batzordearen harira, EH Bildu kritiko azaldu da, eta herritarrekin bilera irekia deitu du gaur, 18:30etan eskolako areto nagusian. «Herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu» ditu, «iritzien elkartrukea ahalik eta aberatsena izan dadin».
Euskeraz eta gazteleraz ariko dira, eta zaintza zerbitzua izango da.
«Proposamena udal ordezkariek aurkeztu beharrean, Urumea Berrik aurkeztu zuen»
Martxoaren 22an Udal Gobernuak DBH batzordea deitu zuela azaldu du EH Bilduk; «eskatu eta 50 egunera. Batzorde egunerako EAJk batzar batera deitu zituen eskolako gurasoak, DBHren inguruan zuen proposamena helarazteko».
Baina EH Bilduk kritikatu du, goizeko batzorde horretan «guztion harridura eta lotsarako, alkateak DBHren harira ez zuela proposamenaren inguruan informaziorik aurreratuko bota» izana. Udal ordezkari eta teknikariak, eta Guraso Elkarteko kideak izan ziren bertan, eta EH Bilduk dio «informazioa ezkutatzeaz gain, udal teknikariek ezer jakin gabe proposamena gurasoei aurkeztu izana onartezina» dela.
«Proposamena herriarentzat ona dela saldu nahi du EAJk, baina promotorearentzat izango da horrela»
Era berean, arratsaldeko batzarrean, «proposamena udal ordezkariek aurkeztu beharrean, Urumea Berriko promotoreko zuzendari eta arkitektoak aurkeztu zuten» eta hori «eskandalu» moduan deskribatu du. Bestalde, gaineratu du: «Proposamena herriarentzat ona dela saldu nahi du EAJk, baina promotorearentzat izango da horrela». Izan ere, EH Bilduk dio «EAJ ez dela prentsan egia osoa azaltzera ausartu. DBH Ergobian eraiki eta ordainetan, Ergobia eta Bidebitarte poligonoan (Rotulek kokatzen den pabilioia botata), 180-230 etxebizitza egiteko aukera emango lioke Udalak promotoreari».
«Egungo partzelan has zitezkeen lanak, baina EAJk ez du ezer egin»
Kultur Etxea egitea ere «aspalditik adostua» dagoela gehitu du EH Bilduk, baina «iaz, EAJk, 92 etxebizitza gehiago egiteko aukera eman» ziola salatu du, eta «honelako adostasunek herriari ez diotela ezer onik egiten».
DBHko eraikinari dagokionez, dio udal teknikariek ziurtatu dutela, «egungo plan orokorrak aurreikusten duen partzela erabat bideragarria» dela, eta «2015eko ekainaren 16tik aurrera hasi zitezkeela lanak, baina EAJk ez du ezer ere egin nahi izan». Horregatik, EH Bildu «ahaleginak eta bi» egiteko prest azaldu da, prozesua erabat atzeratzea saihesteko.