Jokoteknia, euskarazko bideojokoen jardunaldiak egingo dira maiatzean

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 6a, 16:28

Pasa den astean aurkeztu zuten proiektua Game Erauntsia elkartearen presidenteak, Urtzi Odriozolak, eta Azkue Fundazioko zuzendariak, Iurdana Acasusok; Jokoteknia, euskarazko bideojokoen lehenengo jardunaldiak egingo dira Bilbon, maiatzaren 12an.

Bi elkarteek 2017ko azaroan adostu zuten bien arteko elkarlana, eta hortik sortu da hitzarmena, Jokoteknia antolatzeko. Euskararen Etxean lehengo astean egindako aurkezpenean azaldu zuten bi ordezkariek hitzarmenaren helburua: «Bertako kultura eta industria bultzatzea, euskararen abiapuntutik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko».

Euskarazko bideojokoen jardunaldiak, maiatzean

Gauzak horrela, jakinarazi zuten Jokoteknia, euskarazko bideojokoen lehenengo jardunaldiak maiatzaren 12rako ari direla antolatzen. Bilboko Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo dira. 

Jardunaldi honen helburua, «bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea» izango da.

Horretarako, Jokoteknia jardunaldian euskal bideojokogintza industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko dituzte, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko dira. «Aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutu, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko», gaineratu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!