Apirilaren 6a Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Nazioarteko Eguna da, eta Euskal Herriko Raketisten proposamenari jarraituz, raketisten erakustaldia izango da bihar kiroldegiko frontoain, 19:00etan.
Azken bi urteetan, raketisten historia berreskuratu dute. Aurreneko emakume kirolari profesionalak izan zirela esaten da, eta diru asko irabazten zutela; askorentzat, familiak behar zuen diru-iturria ziren. Hamabost urterekin Madrilera eramaten zituzten, eta hala, eskolak sortu ziren.
Askok Ameriketara ere egin zuten salto. Baina kanpoan arrakasta izan arren, Euskal Herrian ez ziren oso begi onez ikusten, eta 1980tik hona sekretupean egon da historia, talde honek ekimena martxan jarri arte.
Hain zuzen, talde horretako partaide da Amaia Irazustabarrena palista eta raketista hernaniarra. Bihar partidua jokatuko dute berak eta Maria Saez arabarrak osatutako bikoteak, Amaia Araiztegi mallabiarrak eta Bidaniako Miren Larrartek osatutakoaren aurka.
Partidua ikusgarria izango dela argi dago. «Diferentea da: azkarragoa eta arriskutsua», azaldu zuen Irazustabarrenak. Gainera, garaiko materiala eta jantziak berreskuratzen ari dira, eta zertxobait moldatuta bada ere, orduko jantziekin jokatuko dute. Gainera, debalde ikusi ahal izango da lehia, kiroldegiko frontoian.
Erakusketa eta dokumentala ere bai
Bestetik, atzo, erakusketa jarri zuten Biterin, apirilaren 12ra arte, arratsaldez (17:00-20:00). Azken egun horretan, 19:00etan Biterin, Raketistak lehen eta orain dokumentala (trailerra, goian) ikusi ahal izango da, areto nagusian.